Al Fata eta Hamasen artean lehia estua izango da gaur

Zazpi erakunde armatuk bozketa eguna ez trabatzeko konpromisoa hartu dute elkarrekin sinatutako agiri batean

2006ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Eki Jerusalem, Gaza eta Zisjordaniako 1.341.000 palestinarrek gaur Palestinako Legebiltzarreko 132 kideak hautatuko dituztelarik, boz hauen osteko panorama politikoaz kontu ugari daude argitzeko. Azken inkestetako baten arabera, emaitzetan oso hurbil daude Al Fata, gaur egun agintean den alderdia, eta Hamas, boz hauetan lehen aldiz lehiatuko den mugimendu islamikoa, eta ez da baztertzen bi indar politiko nagusi hauek gobernu koalizioa osatzea. Kasu horretan, haatik, Al Fatakoa edo Hamasekoa ez litzatekeen norbait Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro karguan jartzea aipatzen da.

Hipotesia horretan, PANeko Finantza ministro ohi Salam Faiadena da gehienik aipatua den izena. Egungo boz hauetan, Hirugarren Bidea zerrendako burua da Nazioarteko Diru Funtseko jardulea izandako ekonomista ezagun hori. PANen zelarik, aginte palestinarrean hazi egin den ustelkeriaren aurka borrokatu zen eta horregatik ere oniritzia dio nazioarte komunitateak.Anartean, gauzak ez daude oraindik trenkatuak. Horretara deituta daude Gazako 16 hautes-barrutitan eta Zisjordaniako 13tan haietatik bat Ekialdeko Jerusalemek osatzen du botoa emateko aukera izango duten 706.508 gizonezko eta 635.163 emakume palestinar.

Hamaika hautagai zerrenda

Herritarrek Palestinako Legebiltzarreko 132 kideak izendatuko dituzte, erdiak lehian diren 11 zerrendetako hautagaietan eta beste 66ak hautesbarrutietako lehiakideen artean. Goizeko 07:00etan hasi eta iluntzeko 19:00etan amaituko da bozketa, eta 17.000 funtzionario eta 13.000 polizia mobilizatu ditu PANek.

Ramalako Ekialde Hurbilerako Kontsulta Institutuak atzoko gogoeta egunean argitara emandako inkestaren arabera, Al Fata alderdiak 59 biltzarkide lortuko ditu, eta Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak, 54.

Iritzi Publikoaren Zentro Palestinarrak herenegun plazaratutako zundaketa batek zioenez, berriz, Mahmud Abbas PANeko presidentearen alderdiak botoen %39,6 lortuko ditu, eta erakunde islamikoak, berriz, bozen %28,8. Lehenago plazaratu zirenen ildo beretik, bozkatze asmo hauek bi indar politikoen artean emaitza estu-estuak egotea aurreikusten zuten.

Egungo bozetan lehiatzen diren 740 hautagaien artean 18 preso daude Israelgo espetxeetan; haietatik bat Al Fatako zerrendaburu Maruan Barguti da. 2002. urtetik, harrapatu zutenetik, espetxean da Barguti, eta bizitza osorako bost kondena jarri zizkioten, baina hautatu egingo dute.

Alabaina, Israelgo Barne Segurtasunerako arduradun Gideon Ezrak argi adierazi zuen atzo aukeratuko balute ere Barguti ez dutela askatuko, ezta PANen jarduera bat emango baliote ere. «Barguti ez da izango ministro, espetxean denez gero; nola izango da, bada, agintari giltzapean den inor?», adierazi zuen atzo Ezrak, The Jerusalem Post egunkarian

Abbasen eta Kureiaren deiak

Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek, bestalde, botoa ematera joateko deia egin zien palestinarrei. «Hauteskundeak herritar bakoitzak daukan eskubide bat dira eta horretaz baliatu egin behar da». Ahmed Kureia lehen ministroak ere palestinarrak «multzoan bozkatzerat joateko» animatu zituen.

Nahiera horiekin bat azaldu ziren zazpi erakunde armatu palestinar, bozketa eguna ez trabatzeko agiantza aldarrikatu baitzuten Gazan elkarrekin egindako prentsaurreko batean. «Demokrazia eta legearen alde gaudela berresten dugu eta hauteskunde hauek galarazteko edozein jokaerari arbuio diogu», zioen Al Aksako Martirien Brigadek eta Hamasen adar armatu Izzedin al Kassam Brigadek, besteak beste, izenpetutako ohar hark.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.