Al-Fatah eta Hamas alderdi palestinarrek Palestinako Parlamentua martxan jartzeko akordio bat lortu dute Kairon, Egiptoko zerbitzu sekretuek argitaratutako agiri baten arabera. «Lankidetza giroan» aritu dira bi aldeak, eta Kairok jakinarazi du hitz egin dutela sortu beharreko batasun nazionaleko gobernuaren egiturari buruz ere. Gainera, Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen eta Jaled Mexal Hamaseko buruaren arteko bilerarako antolakuntza prestatzen aritu dira.
Arabiar Ligak txalotu egin du bi alderdiek lortutako hitzarmena, eta nabarmendu du «aurrerapauso garrantzitsu bat» dela. «Batasunik lortzen ez bada, arriskuan egongo da palestinarren eskaria». Izan ere, 2007az geroztik, haserre egon dira Palestinako bi alderdi nagusiak, bakoitza lurralde baten kontrolaz jabetuta: Zisjordania Al-Fatahek, eta Gaza Hamasek. Iazko maiatzaren 4an, baina, berriz adiskidetzeko itun bat sinatu zuten, eta, joan den otsailaren 6an, Abbas aukeratu zuten presidentetzarako eta parlamenturako legebiltzarrak antolatuko dituen batasun nazionaleko gobernua gidatzeko. Harrezkero, ordea, ez dute eman inolako pausorik.
Inoiz ez bezalako absoluzioak
PANeko auzitegiek hamabost urteko kartzela zigorra ezarri dio Muhammad Raxidi, Jasser Arafat PANeko buru izandakoaren aholkulari ohiari. Epailearen arabera, Raxidek dirua lapurtu du Palestinako Inbertsio Funtsetik.
Israelgo auzitegi militar batek, bestalde, inoiz ez bezalako erabakia hartu du: bi palestinar absolbitu ditu, Israelgo zerbitzu sekretuen ikerketa «arduragabea» zelako, Maanen arabera.
Al-Fatah eta Hamas ados jarri dira parlamentua martxan jartzeko
PANek hamabost urteko kartzela zigorra ezarri dio Jasser Arafaten aholkulari ohiari, ustelkeriagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu