Al-Fatahek eta Hamasek oztopoak gainditzeko denbora hartuko dute

Israelgo Poliziak ehunka palestinarren aurka egin du Jerusalemgo Meskiten Zelaian, eta 34 lagun zauritu ditu

Jon Fernandez.
2012ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Batasun nazionaleko behin-behineko gobernua osatzeko akordioa sinatuta daukate Al-Fatah eta Hamas alderdi palestinarrek—hilaren 6an izenpetu zuten, Dohan—, baina oraindik hainbat hari mutur dituzte lotzeko. Azken hiru egunetan Kairon egin dituzte bilerak bi alderdi nagusiek eta bestelako fakzio palestinarrek akordioa sakontzeko. Adiskidetzea eta batasun nazionala berretsi dute bi alderdiek, baina gobernu berriaren inguruan ez dute aurrerapausorik eman. «Giro positiboa nagusitu da bileretan, nahiz eta oraindik konpondu beharreko oztopo batzuk egon», laburbildu du Yasser al-Wadiyah PAE Palestina Askatzeko Erakundeko ordezkariak. Gobernuaren osaketa, beraz, zerbait atzeratuko da, oztopoak gainditzeko denbora gehiago hartuko baitute bi alderdiek.

Besteak beste, Hamaseko buru Khaled Maxalekin eta Gazako gobernuburu Ismail Haniyehekin bildu da egunotan Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea Kairon. Batasun nazionaleko gobernuaren inguruko aurrerapausorikez egoteko arrazoia Hamasen botere eskaera dela adierazi du Issam Abu Dakkak, Fronte Demokratikoko buruak. «Hamasek ministerioen %51 eskuratu nahi ditu, eta Barne Ministerioa, Finantzena eta Justiziarena euren kontrolpean izan nahi ditu. Gobernu berriko lehen ministrordea Gazakoa izatea ere eskatu du Hamasek».

Hamasek, ordea, ukatu egin du hori. «Ez dugu adiskidetzea blokeatuko lukeen proposamenik egin», azaldu du Fawi Barhoum-ek, Hamaseko bozeramaileak. «Al-Fatahek zein Hamasek egiten ditugun zuzenketa oro adiskidetzearen ituna sendotzeko dira».

Gobernuaren osaketari jarritako bigarren oztopoa ere Hamasi egotzi diote. Al-Fatahek esan du Abbasek ez duela gobernuaren osaketari buruzko bilerarik egingo Hauteskunde Batzordea Gazan lanean hasi arte. Izan ere, Al-Fatahek salatu du Hamasek oraindik ez duela baimenik eman Gazako hautesleen errolda egiteko. Mohamed Nasr Hamaseko ordezkariak, ordea, ukatu egin du salaketa hori ere. «Gai hori konponduta dago, eta batzordeak berehala hasiko du bere lana». Behin-behineko gobernuaren egitekoa datorren maiatzeko hauteskundeak antolatzea izango da, eta, Dohan hitzartutakoaren arabera, Abbas bera izango da gobernuburua. Erabaki horrek tentsioa eragin du Hamaseko kideen artean.

Batasun irudia

Oztopoak daudela aitortu arren, batasun irudia eman dute bi alderdietako agintariek. Abbas eta Haniye, esaterako, lau urtean lehen aldiz bildu ziren atzo. 2007az geroztik muturtuta egon dira bi alderdi nagusiak: Hamasek kontrolatu du Gaza eta Al-Fatahek Zisjordania. Iazko maiatzean sinatu zuten adiskidetze akordioa bi aldeek, Kairon, lau urteko liskarren ostean.

Gobernuaz ez eze, PAEren berrantolaketaz ere hitz egin dute palestinarrek Egiptoko hiriburuan. Palestinako fakzio gehienak biltzen ditu PAEk —Hamas izan ezik— eta nazioartearen aitortza du. Abbasek adierazi du gobernu berriak erakunde horrek Israelekin hitzartutakoak errespetatuko dituela; Hamasek ordea, ez du Israel estatu gisa aitortzen, eta Abbasen adierazpenak baztertu ditu.

Bestalde, Jerusalemgo Meskiten Zelaian istiluak izan ziren atzo palestinarren eta Israelgo Poliziaren artean. Islamaren tenplu sakratuenetakora sartu ziren agenteak. Negar gasak jaurti zituzten palestinarren kontra, eta guztira 11 polizia eta 34 palestinar zauritu ziren, eta lau lagun atxilotu zituzten. Moshe Feiglin Likud alderdiko eskuin muturraren ordezkariak ingurua bisitatu nahi duelako hasi ziren protestak iragan igandean.

Hebronen, bestalde, Baruch Goldstein muturreko sionistaren 1994. urteko sarraskia gogorarazi zuten atzo manifestazio jendetsu batekin —otoitz egiten ari ziren 29 palestinar hil zituen Goldsteinek—. Milaka lagun bildu ziren atzo manifestazioan, eta Israelgo Poliziak martxan zeuden sei lagun atxilotu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.