Al Fata eta Hamas Palestinako erakundeek berradiskidetzerako akordioa sinatuko dute maiatzaren 5ean, Egipton. Kairo hiriburuan izango da ekitaldia, eta Mahmud Abbas Al Fatako buru eta Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak eta Jaled Meshal Hamaseko arduradun politikoak izenpetuko dute idatzia.
Munib Al Masri bitartekariak gaur arratsaldean esan duenez, Palestinako batasun nazionaleko gobernua osatuko dute Al Fatak eta Hamasek, eta urtebete barru hauteskundeak egingo dituzte.
Gaur egun Zisjordania Al Fataren esku dago eta Gaza Hamasen kontrolpean.