Aljerren, Aljeriako hiriburuan, gobernuaren eraikinen aurka bi eraso egin eta gutxienez 24 lagun hil eta beste 222 zauritu ziren atzo, azken orduan emandako datuen arabera. Al Kaeda erakundearen Magrebeko adarrak bere gain hartu zuen atentatuaren erantzukizuna.
Aljeriako Gobernuaren egoitzaren aurrean egin zuten aurreneko eraso goiz partean. Ekintzaile suizida batek bonba-auto bat zartarazi zuen Abdelaziz Belkhamed Aljeriako lehen ministroaren egoitza eta Barne Ministerioaren bulegoak aterpetzen dituen eraikinaren zainketa postuaren kontra. Aljeriako Herri Zainketak arratsalde partean zabaldutako datuen arabera, leherketa honetan hamabi lagunek bizia galdu zuten eta beste 118 zauritu ziren. Eztandak kalte handiak eragin zituen sei solairu dituen egoitzan eta inguruko etxebizitza ugaritan ere.
Aljerko Bab Ezzuar ekialdeko auzunean beste eraso bat izan zen handik gutxira. Lekuko batzuen arabera, hiru bonba-autok eztandarazi zituzten. Zientzia eta Teknologien Unibertsitatetik eta polizia-etxe batetik hurbil egin zuten bigarren atentatua. Orotara 11 lagun hil eta beste 44 zauritu ziren leherketa hauetan.
AL KAEDAKO EKINTZAILE SUIZIDAK. Al Kaeda erakunde islamikoaren Magrebeko adarrak bere gain hartu zituen erasoak. Internet gune batean zabaldutako agirian, erasoak ekintzaile suizidek egin zituztela zehaztu zuen eta eraso egileen irudiak ere plazaratu zituen. Magrebeko Al Kaeda izena hartu zuen, iazko irailean, aurretik GSPC Predikazioa eta Borrokarentzako Talde Salafista izeneko talde islamistak. «Islamaren lurraldea» askatu artean «Jerusalemdik Al Andalusera» ez dela geldituko ohartarazi zuen erakundeak.
Muturreko erakunde islamiko honen aurkako erasoaldi zabala darama azken hogei egunotan Aljeriako armadak, Kabilia eskualdeko Bejaia hirialdean. Orain dela sei egun, berriz, armadaren eta ekintzaile islamikoen arteko borroka gogorrak izan ziren, Ain Defla herriaren inguruetan -bederatzi militar hil ziren-. Apirilaren hasieratik, 33 lagunek bizia galdu dute ekintzaile islamikoen aurkako erasoaldietan -segurtasun indarretako kideak tartean-.
Kabilian, otsailean, segurtasun indarren egoitzen aurkako zazpi atentatu izan ziren eta orotara sei lagun hil ziren. Aljerren, dena den, ez zen holako atentaturik izan aspaldian. GIA, AIS eta GSPC talde armatuen aurka borroka gogor bat eraman ondoren, Aljeriako Gobernuak Herri Adiskidetzerako Hitzarmena deitutako prozesua abian jarri zuen. Borroka armatuari uko egingo zioten ekintzaile islamistak zigorrik gabe utziko zituela hitz eman zuen gobernuak eta honen ondorioz hauetatik 300 inguruk armak entregatu zituzten. Gobernuak, era berean, 2.000 ekintzaile islamista askatu zituen.
Abdelaziz Belkhamed Aljeriako lehen ministroak gogor salatu zituen erasoak: «Eraso anker eta koldar hauek herriak adiskidetzea eskatzen duen unean bertan izan dira». Aljeriako herritar ugarik, baina, ez dute ontzat hartu giltzapetutako ekintzaile islamistei gobernuak barkamena eman izana.
Al Kaedak gutxienez 24 lagun hil ditu Aljerian, eraikin ofizialen kontra lau bonba-auto lehertuta
Magrebeko Al Kaedak erasoa bere gain hartu, eta «Islamaren lurra» askatu artean ez dela geldituko dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu