Al Kaedaren zantzuak ikusi dituzte nazioarteko agintariek herenegun bi hegazkinetan aurkitutakolehergailuetan; iazko Gabonetan beste hegazkin batean aurkitutako lehergaiaren osagai kimiko berak atzeman dituztela jakinarazi dute. Detroitera zihoan aireko hura, eta oraingo biak, berriz, Chicagora. Ameriketako Estatu Batuetarako bidean egindako geldialdian atzeman zituzten lehergailuak; Erresuma Batuko East Midlandseko aireportuan bata eta Dubain bestea, Arabiar Emirerri Batuetan. Postaz bidalitako bi paketeek sinagoga banaren helbidea zuten, Chicagokoak biak.
Barack Obama hiri horretara joan zen atzo kanpaina egitera, baina bezperan premiazko agerraldia egin behar izan zuen presidenteak paketeetan lehergaia aurkitu zutela baieztatzeko. Haren esanetan, «mehatxua sinesgarria eta serioa» da. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren arabera, berriz, lehergailua airean eztanda egiteko prestatuta zegoen. Theresa May Barne ministroak zehaztu du karga hegazkina airean zela lehertu izan balitz lurrera botatzeko adina indarra zuela. Inprimagailu baten tinta edukiontzian zegoen lehergaia sarturik, eta sakelako telefono bat zeukan konektatuta.
AEBetako zerbitzu sekretuek sakelako txartelari esker identifikatu ahal izan dute telefonoaren jabea. Yemengo Poliziak iluntzean atxilotu zuen bi paketeen ustezko igorlea. Yemendik ateratako bi hegazkin konpainien bulegoak ere itxi egin dituzte; UPS eta FedEx enpresak. Erresuma Batuak Yemendik abiatutako zama hegaldiak bertan behera utzi ditu. Frantziak ere erabaki bera hartu zuen gerora. AEBetako aireportuetan, berriz, kontrolak zorroztu dituzte.
Al Kaedaren zantzuak ikusi dituzte AEBetara zihoazen hegazkinen lehergailuetan
Lehergaiak zituzten bi paketeen ustezko igorlea atxilotu dute; Chicagoko sinagoga banaren helbidea zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu