Yemenen AEBek Al-Qaedako ustezko 15 kide hil dituzte, gutxienez, piloturik gabeko hegazkinekin egindako eraso batzuetan. Agintarien arabera, Nasier al-Wuhaixi dago hildakoen artean, herrialdeko erakunde islamistaren burua. Beste hiru buruzagi ere hil dituztela diote lekukoek. Gobernuak fronte irekia dauka herrialdearen hegoaldean milizia islamistekin. Azken hilabetetan eraso ikusgarriak egin dituzte, eta hainbat hiriren kontrola ere hartu dute. Gobernuak dio islamistak indarra hartzen ari direla.
Hiru bonbardaketa egin dituzte AEBetako hegazkinek. Al-Qaedako ustezko emirren bilera baten aurka egin dute lehenik Lauderren, Abian eskualdean. Geroago, ustez ihesean ari ziren milizianoen ibilgailuei eraso diete bi aldiz. Lekuko tribuetako kideek, ordea, laugarren bonbardaketa bat ere egin dutela diote.
AEBek Yemenen egin zuten azken bonbardaketan, iazko irailean, Anwar al-Aulaki Al-Qaedako kide ezaguna hil zuten. Izan ere, Washingtonek Yemengo Gobernua babestu du milizia islamisten aurkako borrokan, eta behin baino gehiagotan laguntza eskaini dio. Barack Obama AEBetako presidenteak, hain zuzen, piloturik gabeko hegazkinekin egiten dituzten erasoak defendatu ditu, eskualdean Al-Qaedaren aurka egitea garrantzitsua dela nabarmenduz. Oposizioak, ordea, maiz kritikatu izan du Ali Abdullah Saleh presidente ohiak ekintzaile islamisten ustezko presentzia puztu izana boterean ahalik eta denbora gehien mantentzeko.
Bestalde, hegoaldeko Radda hirian liskarrak jazo dira miliziano islamisten eta armadaren artean, eta Al-Qaedako hiru kide hil dituzte. Tokiko tribuek liskarretan bost soldadu ere hil dituztela diote, baina armadak ukatu egin du informazio hori, eta adierazi du zauritu besterik ez dituztela egin. Hiri hori, hain zuzen, islamistek hartu zuten iragan urtarrilaren 14an, eta hamar egunez kontrolpean izan eta gero handik irteteko akordioa sinatu zuten tribuetako buruzagiekin.
Trantsizio ezegonkorra
Iragan urtarrilaren 23an, Salehek, immunitatea bermatu eta gero, boterea utzi zuen, eta AEBetara alde egin zuen; ekainean jasan zuen atentatuko zauriak sendatzera, azaldu zuenez. Presidenteak boterea uztearekin bat, ordea, Yemengo egoera ez da egonkortu. Atzo bertan Ali al-Omrani Informazio ministroari tiroz eraso zioten Sanan, Ministroen Kontseiluko bilera bat amaitu ondoren. Onik atera da atentatutik.
Oposizioak berriki aukeratu zuen Al-Omrani batasun nazionaleko gobernuko kide izateko. Iaz, Salehen aurkako protestak hasi eta denbora gutxira utzi zuen egungo Informazio ministroak Herriaren Kongresu Orokorra alderdia, eta oposizioarekin bat egin zuen. GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluaren trantsiziorako proposamena jarraituz, Salehen aldekoen nahiz oposizioko kideen artean osatu dute batasun nazionaleko gobernua, baina, indarkeria dela eta, trantsizioa kolokan dagoela diote oposizioko zenbait iturrik.
Salehek boterea utzi zuenetik protesta ugari egin dituzte herrialdean, hura epaitzea exijitzeko. Atzo bertan, presidente ohiaren aldeko Guardia Errepublikanoak hiriak desmilitarizatzeko akordioa hautsi zuen, eta Taizen tankeekin sartu zen. Izan ere, protesta jendetsuak egin dituzte bertan azken egunetan. Horrez gain, Batzorde Militarretik bere ordezkariak erretiratzea erabaki zuen Guardia Errepublikanoko buruzagitzak. Trantsizioa bideratzeko prozesuan sortu zuten, hain justu, Batzorde Militarra.
Bahituak atxilotuen truke
Bestalde, Sanatik mendebaldera dagoen gune turistiko batean sei lankide boluntario bahitu dituzte tribu armatu batzuek. Horiek aske uzteko Yemengo Poliziaren esku dauden zenbait lagun ere aske uzteko eskatu dute. Yemengoak dira bahitutako bi lagun. Horiez gain, alemaniar bat, kolonbiar bat, irakiar bat eta palestinar bat atxiki dituzte.
Al-Qaedako ustezko 15 kide hil dituzte AEBek Yemenen, aire eraso batzuetan
Informazio ministroari tiro egin diote, baina onik atera da erasotik; sei lankide boluntario bahitu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu