Atzoko hauteskundeetako emaitzek irentsi egin dute Albert Rivera Ciudadanoseko burua. Atzo gauean iragarri zuen "zintzo" jokatuko zuela bere alderdiak izan dituen emaitza txarren ondoren (hamar eserleku eskuratu ditu soilik), eta gaur goizean dimisioa eman du alderdiaren zuzendaritzaren bileran. Ciudadanosek ia bi milioi eta erdi boto galdu zituen atzo; hirugarren indarra zen lehen, eta seigarren da orain, baita ERCren atzetik ere parlamentari kopuruan (hamahiru dituzte ERCkoek). Alderdiaren zuzendaritza Madrilen bildu da gaur goizean, eta han eman du dimisioa Riverak. Militanteek ezohiko batzar batean aukeratuko dute nork ordezkatuko duen.
Ikusteko dago orain zer egingo duen Riverak eta zer Ciudadanosek. Alderdia 2006an sortu zen, Katalunian, prozesu independentistaren hastapenetan, eta harrezkero Rivera izan da haren ikurra eta liderra. Diskurtso unionista gogor batekin egin zuen gora, Mariano Rajoyk hitzetan behintzat PP eremu epelago batean zuen garai batean, eta handik egin zuen salto Madrilera, bipartidismoaren artean kokatzeko asmoz. PPren ustezko epelkeria hori baliatu zuen Riverak Kataluniako Parlamentuan nabarmentzeko, tonu eta keinu zakarrekin.
Azken legegintzaldian erabakigarria izan zitekeen Ciudadanos Madrilen, baina huts egin du. PSOE eta PPren arteko zentroko tartea bereganatu nahi zuela zioten, baina eskuineko joera agerikoa izan da, eta apirileko hauteskundeetan nabarmen egin zuen horra, PPrekin lehian, boto unionista ez zedin Voxera joan. Ciudadanosek ez zituen emaitza txarrak izan apirilaren 28ko bozetan, eta 47 legebiltzarkide eskuratu zituen. Kopuru horrekin, berak zuen Pedro Sanchezen inbestidurarako giltzetako bat; are gehiago ikusita beste giltza posiblea Podemosen eta independentisten eskuetan zegoela. Riverak, ordea, uko egin zion aukera horri, PPri eskuinaren lidergoa ken ziezaiokeelakoan.
Igandean, ordea, boto emaileek bazterrean utzi dute Ciudadanos. "Emaitza txarrak izan ditugu, inolako aitzakiarik gabe", esan zuen Riverak hauteskunde gauean. Baliteke haren lekukoa Ines Arrimadasek hartzea orain. Hori ere alderdiaren hasieratik dago Ciudadanosen, eta, Riverak bezala, Kataluniatik Madrilera egin du bidea alderdi horrekin. Bera izan da alderdiaren beste aurpegi ezaguna, eta Riveraren ondoan egon da beti. Orain, ordea, ikusirik gainera lehen lerroan egon ziren zenbaitek ez dutela lortu Kongresurako eserlekua, ezin da baztertu beste hautagaitza batzuk agertzea.
Katalunian abertzaleen aurka jo izan duen bezala, jomugan izan ditu Euskal Herriko abertzaleak, euskara normalizatzeko neurriak eta kontzertu ekonomikoa eta Nafarroako Ituna ere. Apirileko hauteskundeen ondoren, hain zuzen, bideo bat atera zuen Ciudadanosek, 'Agur, Cuponazo' izenekoa (Agur, kupoikada) orduko emaitza onak ospatu eta EAJz trufa egiteko: bideoan bi gizon ageri ziren bulego batean, kupoaz agurtzen, ustez iragarriz Ciudadanosek hori lortuko zuela bere emaitza onekin.
ð;Â;ŸÂ‘‹ Agur #Cuponazo.
— Ciudadanos ð;Â;ŸÂ‡ªð;Â;ŸÂ‡¸ð;Â;ŸÂ‡ªð;Â;ŸÂ‡º (@CiudadanosCs) April 19, 2019
â;Â;›Â”ï¸;Â; Se acabó la fiesta.
â;Â;ÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂÂŒ Vamos a acabar con los privilegios
ð;Â;ŸÂŠ #VamosCiudadanospic.twitter.com/7owxAUrNFr
Ohikoak izan dira Riverak Euskal Herriaren kontra egindako erasoak. Kataluniaren kontrakoekin bezala, modu horretan nabarmendu da bere ibilbide politikoan, eta horrela estali ditu hainbat gabezia. Urte hauetan guztietan agerikoa izan du Espainiako botereen babesa, baina azkenean herritarrena falta izan zaio. Euskal Herrian ez du inoiz izan, eta igandean ere ez zuen lortu.
Udaberrian Lizarran eta Ugaon izan zen
Euskal Herriaren aurkako erasoen ondorioz, Ciudadanos eta Rivera hutsaren hurrengoa izan dira Hegoaldean. Udaberrian, ez zuen lortu alkatetzarik, ez batzarkiderik, ezta parlamentaririk ere Hego Euskal Herrian egin ziren bi bozetan: Espainiako bozak eta udal eta foru hauteskundeak. Nafarroan UPNrekin eta PPrekin bat egin zuen Navarra Suma koalizioan, eta erabat desagertuta dago.
Riveraren politika egiteko moduaren adibide argia izan ziren, hain zuzen, udaberriko kanpaina horietan Euskal Herrian Ciudadanosek egin zituen ekitaldiak. Apirileko bozetako kanpainan, Errenterian (Gipuzkoa) egin zuten bat, "300 boto soilik" jasotzen zituzten arren, Julen Mendoza orduko alkateak azaldu zuen bezala. Ekitaldi hori probokaziotzat hartu zen: hainbat herritar atera ziren kalera protesta egitera, eta Ciudadanosek irudi hori baliatu zuen Espainian botoak irabazteko.
Errenteriakoak izan zuen oihartzuna ikusita, maiatzeko udal hauteskundeetako kanpainan Lizarran (Nafarroa) eta Ugaon (Bizkaia) beste ekitaldi bana egin zuen Ciudadanosek, eta horietan Rivera berak parte hartu zuen, bere irudia goratzeko (kanpainan beste bitan soilik irten zen Madrildik, bi probintzia hiriburutara). Ugaoko ekitaldia bereziki esanguratsua izan zen; izan ere, Josu Urrutikoetxearen jaioterria da, eta hura askatzearen aldeko manifestazio bat egin eta egun gutxira izan zuen ekitaldia Ciudadanosek.
Riverak EAJ izan du jomugan urte hauetan guztietan, eta agerikoa da jeltzaleek ere ez dutela gustuko Rivera. Ugaoko ekitaldiaren ondoren, Andoni Ortuzarrek (EAJk du alkatetza) Riverari leporatu zion "iskanbila sortzera" joan zela herri horretara. Riverak ez zuen aukera galdu boto batzuk irabazten saiatzeko ETA aipatuz: "Ortuzar jauna, mespretxagarria zera da: ETAko kideei omenaldiak egitea onartzea, zu bezalako nazionalistek egiten duten bezala". Ziur gaur EAJn eta EH Bildu-n izan dela irribarreren bat Riveraren dimisioaren berri izan ostean.