BOLIVIAKO HAUTESKUNDEAK. LATINOAMERIKAKO EGOERA POLITIKOA.

Aldaketa ate joka

Zentro-ezkerreko gobernuak ugaltzen ari dira; euren arteko harremanak indartzea dute xede, Washingtonen kalterako

arantxa elizegi egilegor
2005eko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Latinoamerika asko aldatu da azken hogei urteotan. Diktaduren menpe egotetik zentro-ezkerreko gobernuak nagusi diren lurraldea izatera igaro da. Zergatiak asko izan daitezke, baina nagusia multinazionalen menpe egoteaz aspertu direla da, seguruenik ere. 1980ko hamarkadan euren ekonomiak liberalizatze aldera jo zuten Hego Amerikako gobernuek. Horrek, ordea, egoera okertzeko besterik ez zuen balio izan. Egun, 550 milioi herritarretatik 220 milioi inguru pobreak dira, eta beste 100 milioi inguru, berriz, oso pobreak.

Gauzak horrela, ezkerreko alderdiek orain arteko gobernuek bultzatu duten merkatu librearen alternatiba bat eskaintzen diete herritarrei. Hego Amerikako herrialdeen arteko harremanak sendotzera bideratutako politikak bultzatzen dituzte. Xede horrekin berarekin sortu zuten Mercosur Hego Amerikako merkataritza eremua Argentinak, Brasilek, Paraguaik eta Uruguaik. Venezuelarekin ere hasi dituzte negoziazioak, datorren urtean erakundeko kide izan dadin, eta Bolivia kide gisa onartzea proposatu zuten atzo.«Bolivian gertatuko denak eragina izango du inguruko herrialdeetan ere», nabarmendu zuen Mercosurreko Ordezkari Iraunkorren Batzordeko kide Carlos Alvarezek. Datorren urtean hauteskundeak egingo dituzte beste herrialde askotan ere, eta gehienetan zentro-ezkerreko hautagaiak dira nagusi. Nikaraguan, esaterako, azaroan egingo dituzte bozak, eta sandinistak dira faborito.

Washington kezkatuta

AEBak aldaketen beldur dira, Washingtonekiko menpekotasun harremanen aldean egitasmo alternatibo bat bultzatzen ari baitira hainbat gobernu, Venezuela, Brasil, Argentina eta Uruguai buru direla. Mercosurrek handitzen eta indartzen jarraitzen badu, Estatu Batuek beraiek diseinaturiko ALCA Ameriketako Merkatu Askerako Akordioak ez du etorkizunik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.