Azken hamar urteetan Euskal Herrira inguratutako etorkinen artean, ukrainarrek batez ere Nafarroa eta Gipuzkoa aukeratu dituzte bizitokitzat, 2011ko erroldari begira. Iruñean bertan, zazpiehundik gora dira ukrainarrak. Eta, hain zuzen, Berehynia elkarteak lan egiten du haien artean Ukrainako kultura mantentzeko Nafarroako hiriburuan, jatorri hartakoen artean hizkuntza babesteko, besteak beste. Asteburuetan, esaterako, haurrentzako eskolak ematen dituzte, "haur dezente daukagu eta". Berrogei bat bazkide ditu elkarteak, "baina, egiaz, jende gehiago biltzen da inguruan".
Juri Kvasntiski elkarteko lehendakariordeak azaldu duen moduan, Iruñetik arreta handiz ari zaizkio begiratzen Kieven gertatzen ari den guztiari. Ez hori bakarrik; joan den abenduaren 3an, elkarretaratzea egin zuten Iruñean bertan, Ukrainan azaroaren 30az geroztik gertatutakoen harira. "Batetik, erakutsi nahi genuen babesten dugula Ukrainak Europako Batasunarekin elkartzeko akordioa sinatzearen aldeko hautua, eta, bestetik, gaitzetsi nahi genuen azaroaren 30ean agintari ukrainarrek manifestarien kontra indarra erabili izana".
Izan ere, kezkaz begiratzen diote Ukrainako hiriburuan gertatzen ari denari. "Albisteekin kezkatuta gaude; egunero kasu egiten diogu han gertatzen denari, eta antzematen dugu tentsioa areagotzen ari dela egunetik egunera".
Jaiotzez, Ukraina mendebaldeko Termopil probintziako Zboriv hirikoa da Juri Kvasntiski, eta orain hamar urte etorri zen Iruñera. Horrela azaldu du Kieven zer gertatzen ari den: "Hasieran, Europako Batasunarekin elkartze akordioa sinatu aurretik, gobernua manipulatzen jardun da Errusia eta Europaren artean, ea nork ematen zion gehiago, baina herritar gehienek etorkizun hobea ikusten dute Europako Batasunean. Orduan, gobernuak elkartze akordioa ez sinatzea erabaki zuenean, jendea protestan hasi zen. Hori bai, aurretik ere, Viktor Janukovitxen gobernuarekiko giroa ez zen batere ona; ustelkeria handia dago, eta errepresioa ere bai, hainbat politikariren aurka. Nire ustez, sinatzeari uko egin eta indarra erabiltzen hastea izan da jendea sutu zuen txinparta".
Ukrainako Gobernuak egunotan agertutako jokaerarekin oso kritikoa da Berehynia elkarteko lehendakariordea. "Gobernuaren aldetik, hainbat probokazio egon dira. Adibidez, protestan ari direnen irudia zikindu nahian dabiltza. Interneteko irudi batzuek erakusten dute nola agertzen diren maskaratutako manifestariak aurrena polizia lerroaren parean eta gero atzean. Atzoko albisteen arabera [astelehena], gobernuak proposamen bat egin zuen negoziazio mahai bat osatzeko, baina bitartean oposizioko alderdien egoitzetan sartu ziren, baita zenbait hedabideren egoitzetan ere. Gauza bat esaten dute, eta beste bat egin".
Iruñeko ukrainarren artean Europako Batasunaren aldeko hautua garbia dela adierazten dute Kvasntiskiren hitzek. "Hemen, Europako Batasunean, guztia ez da bikaina, baina Europako Batasunaren edo Asiako herrialdeen Batasunaren artean aukeratzekotan, Europan aukera gehiago daude negoziorako eta jendearen etorkizunerako; adierazpen askatasun handiagoa ere badago. Demokrazia gehiago du Europako Batasunak, baita bizi maila eta segurtasun hobea ere. Eta ikasketetarako aukera gehiago ere ekarriko lituzke, tituluak lortzeko, lanpostu hobeak izateko". Herrialdearentzat ere inbertsio gehiago, negozio gehiago ekarriko lituzkeela uste du, "orain Polonian gertatzen ari den moduan". Europako merkatua handiagoa dela azpimarratu du.
Eta Errusiako merkatuarekiko menpekotasuna? "Egia da menpekotasun handia dagoela Errusiarekin, gasarengatik eta abar. Baina Baltikoko errepublikek ere menpekotasun handia zuten. Errusia eta Ukrainaren arteko harremanak auzokide normalen artekoak balira... Baina baten presioa izugarria da bestearekiko, eta hor harremanak eta merkatuak dibertsifikatzea beste erremediorik ez dago".
Europako Batasunean dena ez dela urrea esanda, berriz ere baietz dio, baina Ukrainaren auzoez gogoratu da Juri Kvasntiski: "Ukrainan egoera ekonomikoa izugarri txarra da. Ikusten dugu Polonian eta Baltikoko herrialdeetan aldaketak egon direla, eta Moldavian ere etorkizun hobea ikusten dute. Haiek sinatu zuten elkartze akordioa".
Aitortu du Ukraina banatuta dagoela kontu honetan guztian. "Bai, ekialdea eta hegoaldea Errusiaren aldekoak dira. Baina han gobernuaren propaganda askoz ere handiagoa da, hedabideak askoz kontrolatuagoak daude. Eta, gainera, han eragin handia dute Errusiako telebista kateek. Eta ez da ahaztu behar hainbat familia ekarri zituztela Errusiatik Ukrainara 30eko eta 40ko urteetan, eta haiek lotura handia dute Errusiarekin eta Errusian dituzten familiekin. Baina, bestalde, Europako Batasunarekin elkartze akordioa sinatzeak ez luke zertan ekarri Errusiarekiko harremanei uko egitea. Azkenean, nire ustez, kontua ez litzateke ate bat irekitzeagatik bestea ixtea".
Eskaria Europako Batasunari
Hori bai, Europako Batasunak krisi honetan zerbait gehiago egin dezakeela uste du: "Gauzak lasaiegi hartzen ari dela iruditzen zait. AEBek ere manifestariei sostengua adierazi diote. Eta, bitartean, Errusiak sostengu erabatekoa ematen dio gobernuari".
Iruñean bizi den ukrainar horrek ikusten du oso ondo antolatua dagoela kalean protestan ari direnak ordezkatzen dituen oposizioa. "Lehen bananduago zeuden oposizioko alderdiak, baina orain harreman estuagoa dute elkarren artean. Ez dira alderdi idealak, baina horien eta orain dagoen gobernuaren artean aukeratzekotan...". Dena den, ez du uste Janukovitxek eta haren gobernuak dimisioa emango dutenik. "Nire ikuspuntutik, irtenbide bakarra Europako Batasunaren aldetik presioa areagotzea da, zigorrak jarriz arduradun politikoei".
Haserrea eta aldaketarako nahia adierazi nahi zituen Iruñean bizi diren ukrainarren taldeak, abenduaren 3ko protesta elkarretaratzean. "Hemen jendeak aldaketak nahi ditu [Iruñeko ukrainarrez ari da], hoberanzko aldaketak. Egoerak okerrera egiten duela ikusten dute, eta haserre daude. Etxean gauzak ondo ez zeudela-eta, familiei laguntzeko etorri ziren lanera hona. Eta, orain, ikusten dute gauzak hobera ez, okerrera doazela Ukrainan. Bitartean, hor badago gobernuaren inguruko jende batek osatutako zirku moduko bat, eta negozioekin bikain doakie. Ikusiko bagenu herrialde osoa dagoela gaizki... Baina batzuk oso ondo dabiltza".