Urte hasieran Egipton piztu ziren erreboltek lortu zuten Hosni Mubarak agintetik botatzea. Baina herritarrak ez daude pozik. Otsailean Mubarak boteretik kendu zutenetik, junta militar baten esku dago Gobernua. Egiptoko herritarrek salatu dutenez, ordea, aldaketak oso geldoak dira, eta nahi baino urrutiago ikusten dute demokrazia.
Milaka pertsona bildu ziren atzo Kairoko Tahrir plazan, agintean dagoen junta militarrak demokrazia eraikitzeko eman behar diren aldaketak azkar ditzan. Konstituzio demokratiko bat eskatu zuten manifestaldian. «Protesta egiten jarraituko dugu, gure eskariak bete arte», esan du Mazhar Shahin imanak.
Agintean dagoen junta militarrak erregimen zaharreko agintariak babesten dituela uste dute herritar askok. «Mubaraken erregimena ez da guztiz erori; bere hondarrek hor jarraitzen dute, eta iraultzaren aurkako azpijokoan dabiltza», salatu du Shahinek.
Aldaketak bizkortzeko eskatu dio herriak Egiptoko Junta Militarrari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu