Egipto

Aldarrikapen baketsuak "kanporaketaren egunean"

Mubarak presidentea boteretik bidaltzeko eguna bihurtu nahi dute manifestariek gaurkoa. Kairoko Tahrir plazan jende andana elkartu da eguerditik. Armadaren presentzia nabarmena izan da egun osoan, baina arratsaldean plaza uzten hasi dira. Lasaitasuna eta aldarri baketsuak nagusitu dira, baina egon da eraso bereiziren bat. Bart bost lagun hil dituzte, tiroketa batean. Europako Batasunak trantsizioa berehala hasteko eskatu du.

2011ko otsailaren 4a
19:00
Entzun
Hosni Mubarak Egiptoko presidentea boteretik kanpo utziko duen eguna bihurtu nahi dute gaurkoa gobernuburuaren aurkakoek. Hala, "kanporaketaren egunera" deitu dute, eta protesta jendetsuak espero dira egun osoan.

Berriro Kairo erdiguneko Tahrir plazak bereganatuko du arreta guztia. Goizetik hasi da elkartzen jendea, eta eguerdiko otoitzak ordubatak inguru amaitu direnean (Euskal Herriko 12:00etan) bildu da jendetzarik handiena. Manifestariez aparte, nabarmena da armadaren presentzia han. Halere, liskarrek ez dute eztanda egin, eta tentsio handia dagoen arren, lasaitasuna eta aldarrikapen baketsuak nagusitu dira. Arratsaldean armada Tahrir plaza uzten hasi da. Dena den, Al Jazeera kateak jakinarazi duenez, protesta nagusiaz kanpo, eraso eta liskar bakan batzuk egon dira protestarien eta armadaren artean.

Deigarria da protestarien aniztasuna. Erlijio eta adin desberdintasunak alde batera utzita, Mubaraken dimisioa lortzeko gogoak elkartuta ari dira manifestatzen kristauak zein musulmanak; gizonak zein emakumeak, gazteak zein helduak.

Kairon ez ezik, Alexandrian ere manifestari andana elkartu dira Mubaraken dimisio eske.

Dena den, Mubaraken aldekoen eta kontrakoen arteko istiluak egon dira bart. Bi aldeen arteko tiroketaren ondorioz bost lagun hil dira, eta beste hamabi bat zauritu dituzte. Hildako guztiak erregimenaren aurkakoak dira.

Politikaren bidea, geldituta

Azken egunetan egora oldarkorragoa bihurtu da. Bi aldeen arteko istiluak biderkatu egin dira kaleetan, eta politikaren bidea gero eta kateatuago dagoela dirudi. Ez dago adostasunik gobernuaren eta oposizioaren artean. Oposizioak ez du negoziazioekin jarraitu nahi, eta gobernuaren aurkako alderdi nagusiko Anai Musulmanen bozeramaile Mohamed Mursik atzo adierazi zuenez, "Konstituzioa urratu duen legez kanpoko gobernu batekin hitz egiteak ez digu inongo onurarik ekartzen".

Mubarak bera ez dago prest gobernua orain uzteko. Haren irudiko, Egipto "kaosean murgilduta" dago, eta "axolagabekeria" litzateke herrialdea egoera horretan uztea. Gobernuburu izateaz "aspertuta" dagoela ziurtatu dio AEBetako ABC kateari, baina beldur dela presidentetza orain uzten badu bere hutsunea islamistek beteko duten.

Izan ere Egipton eta Tunisian islamak hartu duen indarraz jabetu dira hainbat politikari. Zine el Abidine Ben Ali Tunisiako presidente ohiak utzitako hutsunea betetzeko aukera handia du hango alderdi islamistak; eta Egiptoko istiluetan ere oihartzun handia dute Anai Musulmanen eskariek. Egoera horretan, Ali Khamenei Irango buruzagiak "islamaren esnaldiaren isla" gisa ikusi du Afrika iparraldeko hainbat herrialdetan gertatzen ari dena.

Nazioarteko politikariek, berriz, gatazkari irtenbidea bilatu nahian dihardute. Dirudienez, AEBetako Gobernua ezkutuan ari da Egiptoko korapiloa askatu nahian. Europako Batasunak, bestetik, trantsizioa "oraintxe bertan" hastea galdegin du, eta herritarren eskariak "erreforma politikoekin" betetzeko, ez "errepresioarekin". Egiptoko gobernuak orain arte emandako pausoak "herritarrentzat eznahikoa" direla esan du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, eta "trantsizioa berehala has dadila" eskatu du. Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa ez da hain kritiko agertu. "Trantsizio baketsu" baten alde egin du, baina Mubarakekin "hausturarik" egon ez dadin galdegin du; haren ustez, "Erdialdeko Ekialdeko gizon jakintsuena" delako.

Eta iskanbila eta kaos guztiaren erdian, inork ez daki non dagoen Mubarak. Batzuek Egipton dirauela ziurtatzen dute, baina beste batzuek diotenez, aspaldi egin zuen ihes altxamenduei beldurragatik. Berri agentzien arabera, baliteke Mubarak Montenegron gordetzea. Herrialde hartako Barne Sailak ez du argitu Mubarakek babes politikorik eskatu duenik, eta beste iturri batzuen arabera aginariak oraindik ez du egin eskaera. Dena den, Montenegroko hedabideek ziurtzat ematen dute Mubarak Balkanetako herrialdean gordeko dela.

Al Jazeeraren egoitza, sutan

Kazetariak eta komunikabideak ez daude arriskutik kanpo, Mubarak gobernuan mantentzea nahi duten taldeek jomugan jarri baitituzte kazetariak. SVT Suediako telebista publikoko Bert Sundstroem berriemailea ospitalean dago, larri, bizkarrean eman dioten labankada baten ondorioz. Internet bidez liskarren berri zuzenean irudiak ematen ari den Al Jazeera katearen egoitzari su eman dio gobernuaren aldeko talde batek. Halere, zuzeneko jarraipena egiten segituko dutela ziurtatu du kateak.

Gatazkak hasi zirenetik gobernuak trabak jarri dizkio informazio jario askeari. Internet erabiltzeko eragozpenak jarri zituen hasieratik. Azkenaldian, Mubaraken aldeko hainbat pertsonak kazetarien kontrako erasoak egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.