UKRAINAKO KRISIA

Alde biko su-etena, Minskeko bileraren menpe

Bielorrusiako hiriburuan biltzekoak dira gaur Kieveko ordezkariak matxinoekin, gerrari irtenbide baketsua emateko xedearekin.

Anders Fogh Rasmussen, Petro Poroxenko eta David Cameron, atzo, NATOko gailurrean. PETER MACDIARMID / EFE
Adrian Garcia.
2014ko irailaren 5a
15:04
Entzun

Kievek eta matxinoek su-etenaren aldeko adierazpenak egin dituzte. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak Galesen NATOk egindako bilkuran hitz egin du: "Ukraina gerraz nekatuta dago, eta ahal duena egingo dugu gure lurrera bakea ekartzeko". Gaur 14:00etan —13:00ean Euskal Herrian—, su-etena emango du Ukrainako armadak, baldin eta ordu horretarako aurreikusitako Minskeko bilera egiten badute. Bielorrusiako hiriburuan biltzekoak dira gaur Kieveko ordezkariak matxinoekin, gerrari irtenbide baketsua emateko xedearekin. Errusia eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea bitartekari gisa dabiltza. Matxinoek esan dute prest daudela menia errespetatzeko. Armadaren hegazkinak errusiazaleen menpeko eremuak ez zeharkatzea jarri dute borrokatzeari uzteko baldintzatzat.

«Arnasaldi bat behar dugu. Agerikoa da gatazka neurri batean izoztuta geratuko dela, baina ez dugu beste irtenbiderik. Herrialdeak su-eten bat behar du», azaldu du Poroxenkoren aholkulari Sergei Kunitsinek. Kievek itxaropena du gaur Minskeko bileran gatazka bideratzeko plan bat onartuko dutela.

Aleksandr Zakhartxenko matxinoen buruzagiak esan du ordubete geroago emango dutela su-etena —14:00etan Euskal Herrian—, baldin eta Minskeko bileran Kievek bake plana onartzen badu.

Matxinoek nahi dute ESLAko behatzaileek ziurtatzea su-etena betetzen dela. Horretarako, proposatu dute haien menpeko lurraldea bost zatitan banatzea eta bakoitzean berrogei behatzaileko misio batek bermatzea borrokak amaitu direla. Horrez gain, giza korridoreak irekitzea nahi dute, errefuxiatuek ihes egiteko aukera izan dezaten eta giza laguntza setiopean dauden hirietara irits dadin.

Aurretik behin-behineko meniak adostu dituzte bi aldeek, baina ez dituzte guztiz errespetatu. Ikusteko dago Poroxenkok bakerako orain arte jarritako baldintzei eusten dion edo Vladimir Putin Errusiako presidenteak proposatutako bake plana onartzen duen. Matxinoen baldintzarik gabeko errenditzea besterik ez du onartzen Poroxenkoren bakerako planak. Herenegun Putinek proposatu zuen bake plana: armada setiatutako hirietatik erretiratzea, nazioarteak su-etena bermatzea eta gatibu hartutako guztiak trukatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.