Kolonbiako bake prozesuak beste urrats garrantzitsu bat egin dezake datozen asteetan, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek Juan Manuel Santos gobernuko presidentearen proposamena onartuz gero. Urte amaierarako alde biko su-etena adostea eskaini dio Santosek gerrillari: "Egin dezagun ahalegin bat hemendik abenduaren 31ra bitartean [negoziazio agendako] bosgarren puntua —gatazkaren amaierarena— bukatzeko eta, horrela, urtarrilaren 1etik aurrera alde biko eta nazioarteak egiaztatutako su-eten bat eman ahal izateko".
Uztailaren 20az geroztik aldebakarreko su-etenean da gerrilla, baina ez, ordea, Kolonbiako armada. Luis Carlos Villegas Defentsa ministroak jakinarazi duenez, soldaduek lau gerrillari hil dituzte Cartagena del Chairan.
Mende erdiko gatazka armatua konponbidean jartzeko akordio historikoa lortu zuten gobernuak eta FARCek duela hilabete, bake elkarrizketen testuinguruan justizia trantsizionalari buruzko ituna eginda. 2012ko azaroan ekin zieten bake elkarrizketei, eta, su-etenari dagokionez, honakoa adostu zuten: "Su-etena eta borrokaren gelditzea aldebikoa eta behin betikoa izango da". FARC-EPko kideek armak uztea eta bizitza zibilera itzultzea aurreikusten da.