Etzi hogei urte beteko dira Berlingo Harresia eraitsi zutenetik. Eta hogei urteotan, Alemaniako mendebaldeko zatiaren eta ekialdekoaren arteko aldeak asko murriztu dira. Familien %85ek erosteko ahalmen bertsua dute. Gauza berdinak kontsumitzen dituzte, antzerako autoak gidatzen eta diru kopuru bera gastatzen dute bidaietan. Etxebizitzetako ekipamendua parekoa da, eta hobekuntza handiak egin dira azpiegituretan eta ingurumenean.
Wolfgang Tiefensee Ekialdeko Estatuen Garapenerako ministroak duela egun batzuk emandako datuek ere halaxe diote. Haren hitzetan, «oraingoz, ekialdean krisiaren eragin txikiagoa igarri dute mendebaldean baino». Ekialdeko enpresa txiki eta ertainek esportazioekiko menpekotasun txikiagoa dutela eta krisiari malgutasun handiagoz erantzuten ari direla argitu zuen. Azken urtean, esaterako, langabezia gehiago handitu da mendebaldean, ekialdean baino. Teknologia berrien garapenari esker, berriz, azken hiru urteotan %7,5 igo da ekialdeko industria; eta %4,3 mendebaldekoa.
Baina aldeak txikituz joanagatik, agerikoak dira oraindik. Irailean, esaterako, %6,9ko langabezia tasa zuten mendebaldean, eta ia bikoitza, %12,3koa, ekialdean. 1991n, ekialdeko Alemaniako barne produktu gordina mendebaldekoaren %30 zen; eta egun %70 da oraindik. Ekialdean mendebaldean baino %15 eta %20 artean pentsio handiagoak dituzte, eta sektore publikoko soldatak parekoak diren arren, sektore pribatuan diharduten ekialdeko langileek %30 gutxiago kobratzen dute.
Okerrak aurreikuspenetan
Duela hogei urte Alemaniako Errepublika Federalaren eta Demokratikoaren artean zeuden aldeak ikusita, gaurko egoerara iristea sekulako lorpena izan dela pentsatuko du askok. Eta uste berekoak dira adituak ere, okerra 1990ean egindako aurreikuspenetan egon zela baitiote.
Berlingo Harresia eraitsi eta gutxira, Helmut Kohl orduko kantzilerrak «paisaia loretsu» bat marraztu, eta ekonomia indartsu bat agindu zuen ekialdeko Alemaniaarentzat. Baina asmo haiek errealitatetik oso urrun zeuden, Alemaniako Errepublika Demokratikoa izandakoak azpiegitura penagarriak, saldu ezinezko produktuak ekoizten zituen industria, hornidura falta eta sekulako atzerapen teknologikoa zituelako.
Horiek horrela, eginbehar nagusietako bat ordura arte estatu komunistarenak izandako enpresak berregituratzea izan zen. Gehientsuenak mendebaldeko konpainiek bereganatu zituzten, huskeria baten truke. Baina haietako asko bost urterako itxi zituzten, berregokitzea baino merkeago irteten zitzaielako. Hogei urte beranduago, industria sektoreko enpresek sortzen dute Alemania ekialdeko barne produktu gordinaren %20.
Birmoldatzetik bost urtera, langileen %90ek jarraitzen zuten lanean, baina lehengoaren bikoitza ekoizten zuten. Jendea sobran zegoen, batez ere langilerik zaharrenak, enpresaburuek nahiago baitzituzten gazteak, merkeagoak eta moldagarriagoak zirelako. Eta horrek sekulako langabezia eragin zuen. Bat-egitetik urtebetera, hiru milioi langabe zeuden ekialdean, 40 urtetik 50era artekoak gehienak. Hortik sortu zen «belaunaldi galdua» deiturikoa.
Hogei urteotan, ekialdeko 16 milioi biztanletik bi milioi mendebaldera jo dute, enplegu eta soldata hobeen bila. Ondorioz, hainbat gune erabat hutsik gelditu dira; egitasmo bat eta guzti jarri behar izan dute martxan, hutsik geratutako milioi bat etxebizitza eraisteak eragindako gastuak ordaintzeko.
Azken urteetan energia berriztagarrien eta nanoteknologiaren sektoreetan egindako aurrerapenei esker, Alemania ekialdeko industria indarra hartzen ari dela dirudi. Hala ere, oraindik ezinbestekoa zaio ekonomia berregituratzeko elkartasun zerga deiturikotik jasotzen duen laguntza. Horren bidez, urtean 30.000 milioi euro inguru ematen dizkio mendebaldeak ekialdeari. Laguntza horiekin egin dira azpiegitura eta ingurumen arloko aurrerapenik handienak. Eta, gaur egun, oraindik, ekialdeko familien diru sarreren %40 gizarte laguntza horietatik dator.
Dena dela, gauzak beren bidea egiten ari dira, eta Koloniako azterketa ekonomikoetarako IW institutuaren arabera, hamar urte barru %80koa izango da konbergentzia ekonomikoa, lor daitekeen handiena, mendebaldeko estatu federatuen artean ere horrenbesteko aldea badagoelako.
Alde txikiagoak, baina agerikoak
Azken urteotan Alemania ekialdeko industriak hartu duen indarrari esker, mendebaldearekiko zuloa gutxitzen ari da pixkanaka; adituek diote beste hamar urte beharko direla erabateko bateratzea lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu