Nebojsa Covic orain arte Serbiako lehen ministrordea izan denaren ustez, hauteskundeetako emaitzekin serbiarrek gobernu erreformista zigortu nahi izan dute, ez baitute biztanleen bizimodua hobetzen jakin izan.Zarco Korac orain arte Serbiako Gobernuko lehen ministroa izan denak atzo adierazi zuenez, «beharrezkoa» da alderdi erreformatzaileek elkarrekin lan egitea. Serbiako Gobernua osatzeko adostasun batera iristen ez badira, ordea, berriro egin beharko dira hauteskundeak.Seselj Serbiako Alderdi Erradikaleko buruak Jusgolavia ohirako Gerra Krimenetarako Nazioarteko Epaitegian dituen sei karguei aurre egin behar die. Gizateriaren aurkako krimenak eta gerrako legeak urratzea leporatzen diote Seselji. Hori dela eta, Tomislav Nikolic da alderdiaren behin-behineko burua.Serbiako Alderdi Demokratikoa izan da boz gehien lortu dituen bigarren taldea. Vojislav Kostunica da aipaturiko alderdiaren buru. Kostunicak azaroan egin ziren hauteskunde presidentzialak irabazi zituen. Ordea, emaitzak ez ziren onartu parte-hartze baxua izan zelako. Parlamentua aukeratzeko bozetan, ordea, parte-hartze oso altua izan dela esan zuen igandean Hauteskunde Libreen eta Demokratikoen Zentroak. Zoran Lucic eledunak igandean esan zuenez, botoemaileen %60 inguruk bozkatu zuten. Nikolicek Kostunicari koalizioko gobernua osatzea proposatu zion atzo. Nikolic Alderdi Erradikaleko behin-behineko buruaren aburuz bi alderdiak «batera joateko» adina antzekotasun dituzte. Gainera, bi alderdiek dituzten diputatuak elkartuz gero gobernu egonkorra osatuko lukete. Nikolikek ez zuen adierazi proposamenari erantzuteko zenbat denborako epea eman zion Kostunicari. Alderdi Erradikaleko behin-behineko buruak esan zuenez, «Serbiak dituen arazoek ezin dute askoz gehiago itxaron». Halere, kanpainan Kostunicak Alderdi Erradikalarekin ez zuela koalizioa osatuko esan zuen. Bestalde, Europako Batzordeak atzo adierazi zuenez, igandean serbiarrek aukeratu zuten gobernu berriak erreformaren bidea jarraituko duten esperantza dute. Horrela, Europako Batasunarekin hasi zuten elkarketa prozesuarekin aurrera jarraitu ahal izateko. Stefaan De Rynck Batzordeko eledunak zera esan zuen atzo: «Gogoan hartuko dugu hauteskundeek izan duten parte-hartze altua». «Aukeratu berri den Gobernuak erreformaren eta Europaren bidean jarraitzea espero dugu», gaineratu zuen.
-
NAZIOARTEKO EPAITEGIA
Milosevic eta Seselj, diputatu aukeratuak
Slobodan Milosevic Jugoslaviako presidente ohia SPS Serbiako Alderdi Sozialistako zerrendaburua eta Serbiako Alderdi Erradikaleko buru Vojislav Seselj Hagako presondegian daude. Milosevicek eta Seseljek Jugoslavia ohiaren Gerra Krimenetarako Nazioarteko Epaitegiaren hainbat salaketari aurre egin behar diote. Biak diputatu aukeratuak izan ziren igandean. Alderdi Sozialistak ez du argitu Milosevicen diputatu karguarekin zer egingo duen. Seseljen alderdia izan zen igandean boz gehien lortu zituena. Baina, Nikolicek atzo adierazi zuenez, Seseljek ez du eserlekurik izango. Kondenaturik ez daudenez, Milosevicek eta Seseljek bozetara aurkeztu ahal izateko parada izan zuten.