Alderdi Komunistako kide beteranoenek erreformak eskatu dizkiote gobernuari

Konstituzioak adierazpen eskubidea bermatzen duela gogorarazi eta zentsura amaitzeko eskatu dute

Erredakzioa
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Txinako Gobernuan kargu garrantzitsuak betetakoak dira erreforma eske atera direnak. Alderdi Komunistako 23 kide beteranok adierazpen askatasuna eskatuz adierazpen bat sinatu duten. Zentsuraren aurka hitz gogorrak esan dituzte hura izenpetu dutenek.

Haietako bat da Mao Zedongenidazkari ohi Li Rui, baita Renmin Ribao Alderdi Komunistako egunkari ofizialeko zuzendari izandako Hu Jiwei ere -Txina komunistaren sortzaile izan zen Mao-. Argitara emandako adierazpenak urriaren 1eko data du, eta Txinako Alderdi Komunistaren Batzar Nagusiak hasi baino lehen zabaltzea erabaki dute. Batzar Nagusiak bihar bertan hasiko dituzte.

«Eskatzen duguna oso zehatza da: Konstituzioak bermatzen duen adierazpen askatasuna errespeta dadin nahi dugu», diote Txinako 23 goi kargudun ohiek. Horiek gogorarazten dute 1982an onartu zen Konstituzioaren 35. artikuluak hauxe aldarrikatzen duela: «Txinako herritarrek adierazteko, beren iritziak argitaratzeko, elkartzeko, antolatzeko eta kalean agertzeko eskubideak dituzte». Alabaina, sinatzaileen irudiko, «askatasun formal horiek gauzatu gabe geratu dira, Alderdi Komunistak eta Gobernuak emandako arauengatik».

Adierazpen askatasuna eskatzen dutenek nabarmendu dute «sasidemokrazia» printzipioetan existitzen dela, ez, aldiz, errealitatean. «Demokraziaren mundu osoko historian, Txinakoa eskandalu bat da».

Ez dago sarean

Alderdi Komunistako beteranoek «esku beltz» deitzen diete informazioa zentsuratzen aritzen direnei. Horiek botere gehiegikeriaz aritzen direla nabarmendu dute. «Propagandaren Saila Alderdi Komunistako Batzorde Nagusiaren eta Estatu Kontseiluaren gainetik dago gaur egun», adierazi dute. Salaketatik harat, adierazpenaren izenpetzaileek eskatu dute zentsura kentzekoeta, horren ordez, ardura juridikoko sistema bat eratzeko.

Argitara eman eta berehala 500 lagunek bat egin dute adierazpenarekin. Hala ere, hura sarean jarri eta segituan kendu du Gobernuak. Txinatar askok, ondorioz, ez dute horren berri izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.