2012ko irailaren 12a
00:00
VVD
•Liberal-kontserbadoreak. Agintean dagoen indarra da Askatasunerako eta Demokraziarako Herriaren Alderdia. 31 jarleku lortu zituen 2010eko hauteskundeetan, botoen %20,5 eskuratuta. Demokristauekin koalizioan eta eskuin-muturraren sostenguari esker, Mark Rutte alderdiaren hautagaia lehen ministro izendatu zuten.
PVDA
•Alderdi Laborista. 2010eko hauteskundeetan liberal-kontserbadoreengandik puntu eta jarleku bakarrera gelditu ziren laboristak. SP Alderdi Sozialistarekin eta Ezker Berdea ekologistarekin aliantza egin zuen, baina eskuineko indarren aliantzak baino hemeretzi jarleku gutxiago lortu zituzten.
PVV
•Eskuin muturra. Geert Wilders hautagaiak etorkinen, islamaren eta Europako Batasunaren aurka zabaldutako mezuek 2006an baino sostengu zabalagoa izan zuten 2010ean, ia hamar puntu igo baitzen Askatasunerako Alderdia —%15,5eraino—, hirugarren tokian geldituz. Eskuin liberalak gobernua osatzeko giltza gelditu zen PVVren esku, baina iragan apirilean parlamentuan emandako sostengua kendu zion.
CDA
•Demokristauak. 2002ko eta 2006ko hauteskundeak irabazi ondoren, 2010ean laugarren indarra izan ziren demokristauak, botoen eta diputatuen erdiak galduta. Eskuin muturraren sostenguarekin, liberal-kontserbadoreekin egin zuten koalizioa, eta ez laboristekin lehen egin bezala.
SP
•Alderdi Sozialista. Laboristengandik ezkerrera dagoen alderditzat dute Herbehereetan. 1991n uko egin zion marxista-leninista terminoari. 2006an goia jo zuen botoen %16,5 eta 25 diputatu lortuta. Duela bi urte, baina, bederatzi jarleku eta zazpi puntu galdu zituen. Zenbait inkestek bigarren tokia eman diote gaurko, lehenbiziko aldiz laboristen aitzinetik geldituko litzatekeelarik.