Aldez Aurreko Galdeketaren Legea onartu du Peruk indigenentzat

Kontsultaren helburua herri indigenen eta gobernuaren artean «akordioa edo onespena» lortzea da

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Peruko Kongresuak aho batez onartu du Aldez Aurreko Galdeketaren Legea. Horren bidez, gobernuak indigenekin negoziatu beharko du, tartean haiei eragiten dien proiektu bat baldin badago. Lege berriaren arabera, «kontsultaren helburua estatuaren eta herri indigenen arteko akordioa edo onespena lortzea da, zuzenki eragiten dieten lege eta administrazio neurrietan». Bi aldeen artean lortutako akordioak bientzat izango dira lotesleak; beraz, administratiboki nahiz judizialki eskatu ahal izango dute neurri horiek betetzea. Akordiorik lortu ezean, Peruko Gobernuak indigenen eskubideak bermatu beharko ditu.

Kongresuak 2010eko maiatzean onartu zuen legea. Alan Garcia presidenteak, ordea, horren gaineko betoa ezarri zuen. Energia eta meategi arloan inbertsio pribatuak egitearen aldekoa zen Garcia, eta horiek izaten diraindigenekin sortutako liskarren arrazoi nagusiak. Kongresuak aho batez onartu zuen legea atzo, aldeko 113 botorekin. «Berehalakoan onartu beharreko legea da, integrazioaren alde lan egiten ari garela erakusteko», azaldu zuen Eduardo Nayap Kongresuko kideak legea onartu aurretik.

Indigenen eskabidea

Urteak eman dituzte indigenen hainbat erakundek legearen ezarpena eskatzen. Hori aintzat hartuta, «indigenen komunitateekin zuten zor historiko» gisa definitu dute legea Kongresuko kideek. CONAP Peruko Nazionalitate Amazoniarren Konfederazioak historikotzat jo du legearen onarpena. Gobernuak, bestalde, aurrerantzean «bi alderdien arteko harremanak hobetzea» espero du. Ollanta Humala presidenteak hamabost eguneko epea du legea berresteko.

Azken urteetan gatazka ugari izan dira Peruko Gobernuaren eta indigenen artean. 2010ean liskar bortitzak izan ziren indar armatuen eta Peruko oihaneko indigenen artean; 34 lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.