Alemaniako CDU Alderdi Demokrata Kristauak kongresu federala hasi zuen atzo Leipzigen—bihar bukatuko da—. Europako krisi ekonomiko eta politikoa da kongresuaren gai nagusia. Angela Merkelek alderdikideak konbentzitu nahi ditu estatuaren eskumen gehiago EB Europako Batasunaren esku uzteko. Alemaniak herrialde zordunen erreskateetan eduki beharreko zama arindu nahi du horrekin. Hala ere, CDUko hainbat ahots nabarmen horren kontra daude, burujabetza nazionala arriskuan dagoela uste baitute.
Horietako bat da Bavariako CSU Batasun Sozial Kristaua, CDUren koalizio kidea —CDU ez da Bavariako bozetan aurkezten—. Merkelen asmoek Bavariako autonomia murriztuko duten beldur da CSU. Bere nahia betetzeko, ordea, Konstituzioa aldatzeko erreferendumera deitu beharko du Merkelek, Lisboako Itunaren harira Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi baitzuen Berlinek ezin zuela eskumen gehiago utzi Bruselaren esku. EBk herrialde zordunenetan duen kontrola ere areagotzea nahi du Merkelek, zigorrak ezartzeko aukerari bidea irekitzeko.
NPD legez kanpo uztea
CDUren kongresuan plazaratutako bertze gai bat NPD eskuin muturreko alderdia legez kanpo uzteko prozesuari berriz ekitea da —2000. urtean bertan behera gelditu zen—. Talde neonazi batek egindako hilketek sortutako arreta mediatikoaren harira egin du proposamena Merkelek.
Alemaniak EBri eskumen gehiago uztea nahi du Merkelek
CDUko alderdikideak konbentzitu nahi ditu presidenteak aste honetan egiten ari diren kongresuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu