Alemaniako Gobernuak uste du udan ezinen dela atzerrira joan

Mezu hori zabaldu die herritarrei Heiko Maas Alemaniako Atzerri Gaietarako ministroak. Alemania barneko turismoa sustatuko du gobernuak eta higiene neurri zorrotzak mantentzeko eskatuko du.

Turista bat Alemaniako Turismo Azokan. JENS SCHLUETER, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko apirilaren 27a
20:04
Entzun

Oporrak antolatzeko garaia izaten da uda aitzina, baina koronabirusak, ordea, erabat baldintzatuko dut aurtengo uda, eta ikusteko dago atzerrira bidaiatzerik izango ote den. Alemaniako Gobernuak, erraterako, mezu argi bat zabaldu die herritarrei: ezingo dira atzerrira joan oporretan. Halakoetarako aukerarik gabe, Alemania barneko turismoa sustatuko du Merkelen gobernuak. Herrialde barneko turismoak ere nabarmen pairatuko du koronabirusaren eragina. Orain arteko higiene neurriak mantendu beharko dira, eta urruntze soziala ere errespetatu beharko dute herritarrek. 

Heiko Maas Alemaniako Atzerri Gaietarako ministroak joan den astean bidali zien mezu bat herritarrei, eta asteburuan egindako elkarrizketa batean nabarmendu du ezin dela inolaz ere turismoa behar baino lehen sustatu. «Ezin dugu onartu Europa mailan lehiaketa bat egitea bidaia turistikoak nor lehenago antolatu», erran du. 

Maasek oroitarazi du turismoa izan dela koronabirusaren hedapen azkarraren eragileetako bat, eta nabarmendu du mundu osoko eskiatzaileak jasotzen dituen Austriako Ischgl eski estazioa izan dela birusaren hedapen guneetako bat. Alemaniaren kontra, Austria datozen asteetan hasiko da muga irekitzen bidaia turistikoetarako. 

Orain arte 55.193  kutsatu eta  5.750 hildako izan dira Alemanian. Bertze herrialde batzuekin alderatuz, konfinamendu arinagoa ezarri dute bertan, eta, dagoeneko neurri murriztaile batzuk kendu dituzten arren, Alemaniako Gobernuak arreta ez galtzeko eskatu die herritarrei, birusaren bertze olde bat irits daitekeelakoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.