Alemaniako Gobernuak atzo adierazi zuen joan den larunbatean Duisburgen (Alemania) izandako 21 hildakoak Lopavent konpainiaren erantzukizuna direla, heriotzak festaren esparruan gertatu zirelako. Gobernuak dio konpainiak ez zuela aurretik adostutakoa bete. Hala ere, Ralf Jager Barne ministro erregionalak adierazpen hau behin-behinekoa dela esan zuen, oraindik ez baitute ikerketa bukatu.
Dieter Wehe Ipar Renania-Westfaliako polizia inspektorearen arabera, festarako sarrera 12:00etan ireki zuten, adostutakoa baino bi ordu geroago. Orduko 30.000 pertsona pasatu ahal izateko prestatua zegoen sarrera, baina geroago ireki zutenez ahal zena baino jende gehiago sartzen hasi zen. Horrez gain, antolatzaileek ez zioten Poliziari egoeraren berri eman 15:30ak arte.
Jagerrek jakinarazi zuen ordurako sartzen edo ateratzen saiatzen ari zen sarreran harrapatutako jendeak sortutako presioa jasanezina zela. Jagerren arabera, jaialdira bidali zituzten 4.000 polizia estatalek eta 1.300 polizia federalek ezin izan zutenezer egin hildakoen bizia salbatzeko.
Atzo beste prentsaurreko batean jakinarazi zuten hildako kopurua 21era igo dela. Hildakoei autopsia egin diete, eta denak bularraldean jasotako kolpeengatik ito direla jakinarazi zuten.
Larunbatean egingo dute hileta Duisburgen, eta Angela Merkel Alemaniako kantzelerrak adierazi du joango dela.
Alemaniako Lopavent konpainiari bota dio tragediaren errua Gobernuak
Loveparadera sartzeko atea bi ordu geroago ireki zuten, eta horren eraginez geratu zen jendea harrapatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu