Alemaniako presidenteak kargua utzi du, ustelkeria kasuengatik

Angela Merkelek esan du oposizioarekin hitzartu nahi duela estatuburu berriaren izendapena

Erredakzioa
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Alemaniak «herritar gehienen babesa duen presidente bat» merezi duela adierazi zuen atzo Christian Wulff Alemaniako presidenteak dimisioa eman aurretik. Bere kontrako ustelkeria eta influentzia-trafikoen salaketengatik laga du kargua. Herenegun, hain zuzen ere, Hannoverko Fiskaltzak Wulffek presidente gisa duen immunitatea ezabatzeko eskatu zion Alemaniako Parlamentuari, haren kontrako akusazioak ikertu ahal izateko. Wulffek, halere, ukatu egin ditu bere kontrako salaketak, eta beti «zintzo» aritu izan dela adierazi du. «Ziur nago ikerketek erabat errugabetzat joko nautela».

Besteak beste, adiskidekeria leporatzen diote, Behe Saxonia estatu federaleko gobernuburu zenean lagun enpresariengandik abantaila handiko milioi erdi euroren kreditu pribatuak jaso izana.

Estatuburuaren dimisioa kolpea izan da Angela Merkel kantzilerrarentzat, berak proposatu eta defendatu baitzuen 2010eko ekainean Wulffen hautagaitza. Merkelek «errespetu handiz eta pena handiz» hartu du kargua uztearen berria, eta Wulffek eta haren emazteak Alemania «duintasun handiz» ordezkatu dutela nabarmendu du.

Presidente bila

Alemaniako Konstituzioaren arabera, 30 egun ditu orain Asanblea Federalak beste presidente bat aukeratzeko. Merkelek, bestalde, adierazi du oposizioarekin hitzartu nahi duela estatuburu nor jarri, adostasun zabala lortu nahi duela. Hannoverko Fiskaltzaren eskariari dagokionez, estatuak pertsona guztiak berdin epaitzen dituela nabarmendu eta goraipatu du kantzilerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.