Alemaniako presidentetzari eustea espero du Kohlerrek

Parlamentuko bi ganberetako 1.224 kidek datozen bost urteotarako estatuburua aukeratuko dute gaur; lehia zorrotza da

2009ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Azken lau urteotako Alemaniako presidente Horst Kohler demokristauak bigarren agintaldi baterako hautatua izatea espero du gaur egingo den bozketan. Kargu ohorezkoa den arren, lehia hori proba gisa hartzen dute indar politikoek, hauteskunde orokorrak egiteko lau hilabete falta direlarik. Kohlerren aurka, ezkerreko bi hautagai lehiatzen dira: SPDko Gesine Schwan eta Die Linkeko Peter Sodann.

Bundestag Legebiltzar federaleko 612 diputatuek eta Alemaniako hamasei lander eskualde autonomoetako biltzarrek izendatutako beste 612 hautetsik dute herrialdeko estatuburua aukeratzen, bost urteko agintaldi baterako. Azken garaiotan egon diren hauteskunde orokorrek edo eskualdetako bozketek utzitako emaitzen arabera, indar kontserbadoreek dute Alemaniako Presidentetzan jarraitzeko aukera handiena.

Ezen, CDU-CSUko demokristauek 497 hautetsi dituzte Batzar Federalean, SPDko sozialdemokratek 419, FDPko liberalek 107, Grunnen Berdeek 95, Die Linke ezker-muturrak 90 eta Bavierako Hautetsi Askeak indarrekoek hamar. Horrela, CDU-CSUren, FDPren eta Hautetsi Askeen bozak zenbatuta Kohlerrek 614 boto lortzea espero du, hots, gehiengo osoa baino bat gehiago.

2004.urtean jada Kohlerren kontra lehiatu zen Schwan, eta SPDko eta Berdeen botoak eskuratuko ditu lehen txandan, hots, 514 boto. Alabaina, bigarren txanda bat egin behar izatekotan, Die Linkeko 90 hautetsien bozak eskuratzea espero du. Izan ere, ez da baztertzekoa bigarren bozketa bat egin dadin, lander eskualdeetako zinegotzi batzuek ez baitute beti zorrotz aplikatzen euren alderdien diziplina. Halako zerbait gertatu zen duela bost urte: Kohlerrek bigarren txandan eskuratu zuen presidentetza 604 boto bereganatuta; Schwanek, berriz, 589 boto jaso zituen.

Schwan, itxaropentsu

SPDko hautagaiak kanpaina kementsua egin du, matematika kontuak bete ez daitezen espero baitu. «Ez nintzen aldi honetan lehiatuko, itxaropenik gabekoa izango bazen; nor daki zer gerta daitekeen boto-kabina baten barruan?», adierazi du Schwanek.

Kohlerrek, aldiz, ez du ia kanpainarik egin. Atzo, bere lehen agintaldiaren azken egunean, baino ez zituen adierazpenak egin. Alemania Errepublika Federala eratzearen 60. urteurrena gogoratzeko ekitaldian mintzatu zen jarduneko presidentea. Alemaniaren bateratzearen 20. urtemuga ere ospatuko dute aurten, eta, horren haritik, zatiketa oraindik ere hainbat estatistikatan agerian gelditzea salatu zuen Kohlerrek: «Batasuna gauzatzeak eta demokrazia sendotzeak antzekotasunik badute; lana ez da inoiz amaitua».

Alemaniako presidentearen zereginak ohorezkoak dira, zinezko boterea kantzilerraren esku baita. Haatik, presidenteak hauteskundeak aurreratzea erabaki dezake eta halaxe egin zuen Kohlerrek, 2005ko uztailean.



Orain dela 60. urte eratu zuten Alemaniako Errepublika Federala; Lege Nagusia onartu zuten egunean sortu zen nazismoaren hondakinetan loratutako estatua.

Gerra Hotzeko giroan sortua

A.S.

Alemania Federala, 1949ko maiatzaren 23an eratu zuten formalki. Egun hartan, herrialdea okupatzen zuten Mendebaldeko indarren gerizpean ziharduen Parlamentuak ontzat eman zuen Lege Nagusia. Hura Konstituzio antzeko bat zen AEBen, Erresuma Batuaren eta Frantziaren menpeko eremuetako alemaniarrentzat. Sobiet Batasunaren menpe bizi zirenak, ordea, prozesu honetatik at geratu ziren. Han lau hilabete geroago eratu zuten Alemaniako Errepublika Demokratikoa edo Ekialdeko Alemania. Azken batean, bi Alemanien eratzea Gerra Hotzaren giroan oinarritu zen.

Parlamentuko kideek ontzat hartutakoa Lege Nagusia deitzea ez zen erretorika kontua izan. Ezen, nazismoak utzitako hondakinetatik doi-doi altxatzen hasten zen Alemaniako kargudun haiek ez zioten Konstituzio izena eman nahi izan, euren herrialde zatituko bizilagun batzuei baino ez zegokien testu bati. Egoera honen behin-behinekotasuna nabarmendu nahi zuten izen hori emanda. Alabaina, behin-behinekotasunak berrogei urte iraun zuen, Berlingo Harresia 1989ko azaroan bota baitzuten, eta bi Alemaniak ez baitziren batuko 1990eko urriaren 3a arte. Hori hala izango zenik ez zuten pentsatu beharbada Lege Nagusia moldatu zutenek. Izan ere, testu horren azken artikuluak hauxe zioen: «Lege Nagusi honetan xedatutakoak bertan behera geratuko dira, bere bidea erabakitzeko gauza izango den Alemaniako herriak onartutako Konstituzio berria indarrean jartzen den egunean».

Lege Nagusiak, dena den, eredu federalean eratutako Alemania demokratiko baterako oinarriak jarri zituen. Hasieratik, beraz, Legebiltzar Federala -Bundestag- eta Lander eskualde autonomoetako ordezkariek osatutako bigarren hautetsi ganbera -Bundesrat- eratu zuten. Eraketa federal haren bi helburu nagusiak ziren herritarrei erabakiak hartzeko aukera ematea, eta etorkizunean, aginte ez-demokratiko baten balizko sorrera eragoztea.

Lege Nagusia indarrean

Mendebaldeko potentzia okupatzaileen menpean sortutako Alemania Federal haren eraketak galdera ugari piztu zituen hasiera hartan bertan. Hala, Alemania Federaleko lehen estatuburua bilakatu zen Theodor Heussek halaxe aldarrikatu zuen Parlamentua sortu zutenean: «Nork bidaltzen gaitu Bonnerat [Mendebaldeko Alemaniako hiriburua]? Mendebaldeko potentzietako Atzerri ministroek? Gobernadore militarrek? Zein da helburua? Mendebaldeko Alemania bat sortzea?».

Halaxe izango zen, hain zuzen ere, baina gertakizun haiek gaitz erditzat jo zituen Lege Nagusiko moldatzaile garrantzitsuenetako batek, Carlo Smidek. Haren iritziz, zatitutako estatu batek ere barne eraketaren beharra zuen. «Zatitutako estatu batek ere botere legegile eta erabakitzaile baten zein justizia egituraketa baten beharra badu».

Alabaina, bitan zatituta geratu zenetik berrogei urtera berriro batu egin zen Alemaniak ez du Konstituzio berririk moldatu. 1949ko maiatzeko Lege Nagusiak berriz batutako Alemaniaren ibilerarako balio duela ebatzi dute. Demokraziaren oinarriak aldarrikatzen dituen testu horri hutsune zenbait antzeman dizkiote, haatik, hala nola gizarte antolaketa alorrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.