Alemaniako RWE argindar konpainiak zentral atomiko bat eraitsiko du

Berlinek 2022ra arte energia nuklearraren produkzioa etetea erabaki zuenetik lehen eraisketa izango da

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
RWE argindar konpainiak jakinarazi du Biblisko zentral nuklearra eraitsiko duela. Alemaniako Parlamentuak iaz energia atomikoa 2022ra arte etetea erabaki zuenetik eraitsiko den lehen zentral nuklearra izango da Bibliskoa. RWEk azaldu duenez, egin dituen azterketen arabera, konponbide hobea da zentral osoa eraistea hura zigilatzea baino. Zentraleko eraikin guztiak eraitsi ahal izateko, baimena eskatuko dio orain RWEk administrazioari.

Herrialdearen erdialdeko Hesse estatu federalaren hegoaldean dago zentral nuklearra, eta bi erreaktore ditu, Biblis A eta B, 1974an eraikia bata eta 1976an bestea. Iazko martxoaren 11n, Japoniako Fukushimako zentral nuklearrean izandako istripuaren ostean, sare elektrikotik deskonektatu zituzten biak, eta harrezkero ez dituzte berriro konektatu.

Argindar konpainiak azaldu du uztailetik abendura bitartean aurkeztuko duela zentral nuklearra eraisteko eskaria, eta agintarien onarpena jaso arte ez duela zentral osoa eraisteko operazioari buruzko behin betiko erabakirik hartuko.

Gobernuari aurrea hartuz

Berlinek zentral nuklear guztiak ixteko erabakiaren kontrako salaketa jarri zuen, hain zuzen, RWEk, konstituzioaren kontrakotzat jota, baina bera izan da, gobernuari berari aurrea hartuz, hark erabakitakoa egiten lehena. Izan ere, zentral nuklearrak zigilatzen edo eraisten hasteko Alemaniako Gobernuak aurreikusten duen epea 2016. urtea da.

Fukushimako istripuaz geroztik herrialde askotan hartu du indarra zentral nuklearrei buruzko eztabaidak, eta segurtasuna hobetzeko neurriak ere hartu dituzte leku askotan. Europako Batasunak, adibidez, estatu kideetako zentral nuklearretara segurtasuna aztertzeko ikuskatzaile gehiago bidaliko dituela iragarri du aste honetan. Hala, jada hasitako ikuskatze prozesua luzatuko du. Ekainean argitaratzekoak ziren emaitzak geroago argitaratuko dituzte, udazkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.