Lagosko aireportuan agertu zen lehen kasua, joan den igandean. Liberiatik zetorren gizonezko bat erietxera eraman zuten, osasun arazoak zirela eta. Medikuak gerora ohartu ziren Ebola zuela, eta berrogeialdian jarri zuten, baina handik ordu gutxira hil zen. Hori dela eta, eta gaitza zabaltzea saihesteko, alerta gorria ezarri dute agintariek herrialdean.
Aireportu, portu eta mugetan kontrol neurriak zorroztu dituzte, eta sintomak izan ditzakeen oro zaintzen dute. Hildako gizonezkoaren hegaldi berean zihoazen bidaiariak ere zaintzapean jarri dituztela jakinarazi dute iturri ofizialek.
Joan den otsailetik 660 pertsona hil dira gaitzak jota, Afrika mendebaldean. Birusaren hiltze tasa %90 da, eta kontaktu bidez kutsatzen da. Hori dela eta, adituek gaixo dauden pertsonetatik urrun egotea aholkatzen dute, eta kasu susmagarririk ezagutuz gero ahalik eta azkarrena osasun zerbitzuetara jotzea. Afrikako zenbait eremutan, ordea, horrek ehunka kilometro egitea esan nahi du, eta maiz, alferrik.