Klima larrialdia

Alerta maila gorena ezarri dute Ipar Mazedonian eta Grezian

Atenasen errefuxiatuen esparru bat lekualdatu dute. Oposizioak suteen prebentziorako funtsen kudeaketa okerra egotzi dio Turkiako Gobernuari.

Emakume bat sua itzaltzen saiatzen, etxe atarian, Atenas inguruan, atzo. KOSTAS TSIRONIS / EFE
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 6a
16:43
Entzun

Europa hegoaldeko bero boladak eragindako suteak piztuta daude oraindik ere, eta azkar ari dira zabaltzen inguruko herrialdeetara; sugarrak Italiara iritsi dira azken orduetan. Egoeraren larritasunari aurre egin nahian, alerta maila gorena ezarri zuten atzo Ipar Mazedonian eta Grezian. Halaber, azken orduetan lehenengo hildakoaren berri eman dute Greziako agintariek.

Europa hegoaldean egunak daramatzate suak itzaltzeko lanetan, baina azkar ari dira zabaltzen. Ipar Mazedoniako Gobernuak 30 eguneko alarma egoera ezarri zuen atzo. Zortzi foku aktibo daude herrialdean, eta horiek itzaltzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek eta segurtasun indarrek. Agintariek asteartean ohartarazi zuten arriskuaz, eta mendira edo basoetara hurbiltzea debekatu zieten herritarrei. Asteazkenean eman zuten lehen hildakoaren berri, Staro Nagoricane herrian.

Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak atzo ohartarazi zuenez, herrialdea «historiako krisi ekologikorik larrienaren aurrez aurre» dago: 80 sutetik gora zenbatu dituzte azken orduetan, eta ehunka azken egunetan. Mitsotakisek adierazi zuen egoerak okerrera egin dezakeela, haize indartsuak iragarri baitituzte datozen egunetarako. Gainera, tenperaturek ez dute behera egin; 40 gradutik gorakoak izan dituzte aste osoan.

Baso eta mendietara ez ezik, Greziako herrietara ere zabaldu dira suteak. Horrek, milaka lagun behartu ditu beren etxeak uztera. Atenas inguruan bizi diren errefuxiatuen kasuan, atzo eman zuten aditzera Malakasa kanpalekuan bizi ziren 2.000 errefuxiatu inguru Ritsona kanpalekura eraman zituztela, Atenasetik 70 kilometrora. Izan ere, fokuetako bat azkar hurbiltzen ari zen Malakasa inguruetara. Bestalde, 600 lagun inguru Eubeako uhartetik atera behar izan zituzten bart gauean, suak Agia Anna herrixkara iritsi baitziren.

Lehen ministroak babes osoa adierazi zien herritarrei, eta suteek eragindako galerak berreskuratzeko gobernuaren laguntza izango dutela zin egin zien: «Etxeak berreraikiko ditugu, eta nekazariei diru laguntzak emango dizkiegu. Erre diren lurrak berriro landatuko ditugu». Bestalde, Kostas Tsiaras Justizia ministroak iragarri zuen nahita piztutako suteak delitutzat jo, eta horien egileek bost urtetik gorako espetxe zigorrak jasoko dituztela.

Ke eta su artean dauden Europa hegoaldeko beste herrialdeetan ez dute oraingoz alarma egoerarik ezarri, baina egunez egun, gehiago dira eremu kaltetuak. Duela hamar egun Turkian lehen suteak piztu zirenetik, 180 fokutik gora, zortzi hildako eta dozenaka zauritu zenbatu dituzte.

Gainera, ezbeharrak kolokan jarri du Recep Tayyip Erdogan presidentearen gobernua. Oposizioko alderdiek leporatu diote baso suteei aurre egiteko funtsen kopuruaren zati bat baino ez baliatu izana. Turkiako Gobernuko aurrezki agentziaren arabera, urte erdian 200 milioi lira (20 milioi euro) baino gutxiago gastatu zituen —Portugalek 189 milioi xahutu zituen, eta Espainiak 54 milioi—, eta bertan behera utzi zituen basoko suteen aurka borrokatzeko proiektuak.

Italia zerrendan sartu da

Italia suek kalte egindako lurraldeen zerrendan sartu da aste honetan. Sute gehienak iparraldeko eskualdetan zabaldu ziren, hala nola Lazion, Calabrian eta Puglian. Hala ere, egoera bereziki larria da Sizilian, non hainbat foku piztuta dauden oraindik ere Messina hirian eta Palermon. Ekialdeko Toskanan eta Umbrian ere sugarraldiak izan dira.

Urteko batezbestekoarekin alderatuta, uda honetan hirukoiztu egin da baso sute handien kopurua. Hegoaldeko eremuak erretzen ari diren bitartean, baina, iparraldean uholde larriak egon dira azken egunetan; Lombardian batez ere. Fabrizo Curcio Italiako Babes Zibileko buruaren hitzetan, «herrialdea bitan banatu da»; uholdeak eta euriteak iparraldean, suteak hegoaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.