Alderdi Kontserbadoreak (16 diputatu eta Legebiltzarreko presidentea) eta Liberal Demokratek (16) beren hautagaien alde bozkatu zuten lehenbiziko txandan, eta abstenitu egin ziren bigarrenean. Independente bakarra, Margo MacDonald, bietan abstenitu zen.
«Sinesten dut Eskozia aldaketarako prest dagoela, erreformetarako prest. Nazio txikia gara, baina etorkizun handia dugu. Mende honetan, gobernuek lor dezaketena mugatuta dago. Baina nik gidatuko dudan zeinahi gobernuk ez du inoiz Eskoziarako anbiziorik faltan izango», nabarmendu du Salmondek, kargua hartutakoan.
Orain arteko lehen ministro laborista Jack McConnellek oposizio sendoa egiteko asmoa agertu du. Lehen ministro berriaz honakoa esan du: «Voltairek behin esan zuen gobernuek bai artzainak bai harakinak behar dituztela. Baina uste dut Salmondentzat, bere rol berrian, hobe izango dela artzaina izatea harakina baino: bere artaldea zaintzen eta bere politiketarako gehiengoak ziurtatzen».
GUTXIENGO GOBERNUA. Londresko gobernuak 1999an Eskoziari autonomia itzuli zionetik, gutxiengoan egongo den lehen gobernua izango da SNPrena. 2010erako, legegintzaldiaren bukaerarako, autodeterminazio erreferenduma antolatu nahi du, bere xedeetako bat baita Eskoziak 1707an galdu zuen independentzia berreskuratzea.
Abertzaleek ez dute koalizio gobernurik osatzea lortu, nagusiki agenda independentista dela eta. Alabaina, haiek baino diputatu bat gutxiago duten laboristek ere ez dute lortu egundaino koalizio gobernukide izandako liberal demokraten sostengua. Nolanahi ere, SNP arlo batzuetan berdeekin elkarlanean ariko da. SGPrekiko akordioari jarraiki, bi alderdiok aurre egingo diete Eskozian zentral nuklear berriak eraikitzeko Londresek dituen planei. Era berean, klima aldaketaren gaineko legeria berria indarrean sartzen saiatuko dira, urteroko kutsadura maila murriztu ahal izateko. Gainera, berdeek ondo ikusten dituzte Eskoziak bere subiranotasuna berreskuratzeko asmoak.
Bestalde, orain arteko kabineteak 11 ministrok osatzen bazuten, orain kopuru hori seira jaisteko asmoa agertu du aste honetan SNPk.
Eskoziako berezko hizkuntzei dagokienez, SNPko iturriek BERRIAri adierazi diote bai gaelikoaren bai eskozieraren alde ariko direla. «Biak oso egoera ahulean daude, eta neurri serioak behar dituzte. Ikastetxeetan gaelikoaren presentzia areagotzen saiatuko gara, eta bi hizkuntza horiek sustatzeko politikak indarrean jarriko ditugu. Halaber, zaharrek belaunaldi berriei transmititzea bermatu beharra dago».
alasdair allan SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko diputatua
«Gizarte osoak parte hartu behar du autodeterminazio eztabaidan»
j.m. sarasolaAlasdair Allan (Ashkirk, 1971) SNP Eskoziako Alderdi Nazionaleko diputatua da Mendebaldeko Uharteetatik. Eskoziako Hizkuntza eta Literaturan diplomaduna da, eta eskozierazko lizentziaduna. Bai gaelikoa, bai eskoziera menperatzen ditu, eta horien alde lan egiten du. Alderdiko idazkari nazionala izan da aurten arte; maiatzaren 3ko hauteskundeetarako hautagai izateko utzi zuen kargua. Lehenago Talking Independence (Independentziaz mintzo) liburuxka idatzi zuen, Eskozia independente baten aurrean herritarrek izan ditzaketen kezkei erantzuteko. Oso baikor agertu da SNPko gobernuak egingo duen lanaz.
SNPk soilik diputatu baten aldearekin irabazi ditu hauteskundeak. Lehia gogorraren ondoren lehen aldiz laboristei nagusituta, nola sentitzen zarete?
Oso pozik gaude. Ni oso harro nago oraindik gaelikoz mintzo den Eskoziako eskualdeetako bat ordezkatzeaz. Halaber, oso kontent nago SNPk, 70 urtean lehen aldiz, boz nazionalak irabazi dituelako.
Uste duzu baliogabetzat jo zituzten 140.000 boto horiek aztertu ondoren azken emaitza aldatuko dela?
Ez. Oso tamalgarria da boto horiek baliogabetzat jo izana; ikasi beharreko lezioak daude hor [botopaperetan boto sistema ez zuten ondo azaldu]. Dena den, inork ez du iradoki nahasmen eta baliogabetze horrek alderdi bati beste bati baino gehiago kalte egin zionik.
Nola ikusten duzu alderdiko burua, Alex Salmond, Eskoziako lehen ministro gisa?
Eskoziarako aldaketa izango da. 50 urtez Alderdi Laborista izan da nagusi Eskoziako politikan, eta orain, lehen aldiz, Eskoziaren interesarekiko konpromisoa izango duen alderdiak gobernatuko du.
Ez duzue inorekin koaliziorik osatu, nahiz eta SGP alderdi berdearekin elkarlanerako akordioa sinatu. Gutxiengo gobernuak ez du bide erraza izango...
Beno, ez gara gutxiengoan dagoen gobernu bakarra izango. Europan halako kasu ugari daude; esaterako, oker ez banago, Danimarkan. Hamabost urtez aritu dira bakarka gobernatzen. Eskoziarako berria izango da, baina konfiantza dut gure alderdiak programa sendoa garatuko duela. Egia esanda, ez dugu beste aukerarik izan, negoziatzeko tenorean alderdi batzuk ez baitira ezta saiatu ere egin.
Bai, adibidez Liberal Demokratek koalizioa osatzeari uko egin diote, SNPk 2010ean autodeterminazio erreferenduma egiteko asmoa duela argudiatuta.
Ez gurekin, ez laboristekin ez dute negoziatu nahi izan. SNP independentziarekin konpromisoa duen alderdia da, baina liberal demokratekin [beste gai batzuk] negoziatzeko prest agertu gara. Haiek izan dira ezetza eman dutenak.
Behin gobernua osatuta, zein auzitan zentratuko da SNP?
Auzi ugari ditugu jopuntuan: udal zergen sistemaren erreforma egitea, hizkuntza gaelikoa sustatzea -nik ordezkatzen dudan eskualdean oso gai garrantzitsua da!-, Eskozia zentral nuklearrik gabeko herrialdea dela bermatzea... Batez ere Eskoziari lehentasuna ematea. Azken zortzi urteetan [autonomia berrezarri zutenetik] alderdi bera egon da Edinburgon eta Londresen gobernatzen. Orain, Eskozian bertan Eskoziarako gobernatuko dugu. Eta orain arte laboristak ez bezala, gu gai izango gara Londresko gobernuari ezezkoak emateko. Horretan aldaketa handia izango da Eskoziako politikan.
Zer zailtasun izango ditu Gobernuak?
Zailtasunik ez! [Barrez]. Hara, bakarka gobernatuta, oso litekeena da oposizioak gure ekimen askori ezezkoa ematea, baina saiatuko gara horiek aurrera ateratzen, unean uneko akordioen bidez. Politika egiteko modua aldatu egingo da, eta alderdien artean beste elkarlan mota bat hasi beharko da. Baina herritarrek gobernu berria edukitzeko agindua eman zuen botoekin, eta horixe emango diegu.
Eskozia aro berri batean sartzen dela esan dezakegu, beraz?
Baietz uste dut. Orain oso zaila izango dute Eskoziak botere gehiago behar dituela esatea, hautesleek hori oso garbi adierazi baitute. Eskoziako Parlamentuak Europako parlamentu federal askok baino botere gutxiago ditu, eta egoera hori aldatu beharra dago. Laboristek izan ezik, Eskoziako ia alderdi guztiek onartzen dute Legebiltzarrak botere gehiago behar dituela. Eta botere gehiago izango ditu.
Nola egingo duzue lan 2010eko erreferenduma prestatzeko?
Ez dugu egun batetik bestera egingo, jakina. Alex Salmondek programa bat aurkeztuko du, baina gero hainbat eztabaida egin, eta lege proiektuak aurkeztuko ditugu. Ez ditugu gauzak ezkutuan egingo; jendeak prozesuaren berri izatea nahi dugu. Gizarte osoak hartu behar du parte autodeterminazio eztabaidan, ez soilik politikariok. Beldur eta kezkei aurre egin behar diegu, informazioaren bidez. Jendeari erakutsi behar diogu Eskozia hobeto egongo dela independente izanik; aldaketa handia izango da, baina ez da inolaz ere hondamendi nazionala izango, batzuek dioten bezala. Hainbat ikerketa eginda daude independentziaren onuren inguruan.