Bloomberg hedabidean argitaratutako artikulu batean, Kataluniako prozesu subiranistari buruzko balorazioa egin du Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohi eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak Erresuma Batuko Parlamentuan dituen parlamentarien buruak. Salmond lehen ministro zela egin zuten iazko irailean Eskoziako independentzia erreferenduma.
Hauteskundeen emaitzen inguruan, Junts Pel Si independentziaren aldeko koalizioak eta CUPek "gehiengo argia" lortu zutela nabarmendu du. Botoen gehiengoa lortu ez zutela-eta, Salmondek uste du aldaketaren aurkako "argudio pobrea" dela, eta aintzat hartu du Catalunya Si Que Es Potek independentzia erreferendum bat babesten duela Kataluniarentzat.
"Soilik ironikoki Mariano Rajoy lehen ministroaren Alderdi Popular deitzen dena, botoaren %8 umiliagarrira erorita, dago erabat kontra konstituzioa Kataluniarentzat hobetzearen aurka", kritikatu du. Halaber, galdegin dio Kataluniaren "aspirazioak" aitor ditzala: "Irtenbide politiko baterako pentsaera sortzailea behar eta merezi dute Espainiako herritarrek".
Nazioarteko komunitateari zuzendu zaio Salmond, eta eskatu "arazo" beharrean Katalunia "adierazpen demokratikorako aukera" gisa ikusten has dadila: "Nazioarteko iritzi emaileek, ni bezalako aldekoek nahiz David Cameron bezalako kontrakoek, defendatu egin beharko lukete herriek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea". Europari, berriz, esan dio onartu egin beharko lukeela prozesu "adostu, demokratiko eta baketsu" bat.
Katalunia independentea bideragarria izango litzatekeela defendatu du, eta gogorarazi BPG barne produktu gordina Europako Batasunaren batez bestekoa baino handiagoa dela. Kataluniako ordezkariek "mandatu demokratikoa" dutela azpimarratu, eta horiei nazioarteko onarpena patxadaz eraikitzea dagokiela uste du: "Madrilen zailtasuna Kataluniaren aukera bihur liteke aurki".