Espioitza

Aliatu dituen gobernuburuak zelatatzea debekatu du Obamak

AEBetako presidenteak erreforma minimoak iragarri ditu espioitza programetan: AEBetako herritarren komunikazio-datuak biltzeko baldintzak zorroztuko ditu, eta lagun dituen estatuetako agintariei ere bermatuko die segurtasuna. NSAk, ordea, bere lanarekin jarraituko du.

Samara Velte.
2014ko urtarrilaren 17a
19:28
Entzun

AEBetako espioitza auziak estututa, azalpenak eman ditu Barack Obama AEBetako presidenteak. Gaur arratsaldean prentsaurrean argitu ditu mundu osoko herritar eta agintariak asaldatu dituen programei egingo dizkien erreformak. Obamaren arabera, programa horiek ez dituzte herritarren eskubideak urratzen; hala ere, zenbait moldaketa egingo dizkie. Oinarrizko aldaketarik ez du iragarri, baina NSAren eta estatuko beste agentzien jarduna kontrolatzeko mekanismo zorrotzagoak agindu ditu.

Besteak beste, AEBen aliatu diren herrialdeetako estatuburuak zelatatzea debekatu du, salbu eta "segurtasun nazionaleko arrazoiak" badaude hori egiteko. Auzia argitara atera zenean, ozen egin zuten protesta, besteak beste, Dilma Rousseff Brasilgo presidenteak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. "Hemendik aurrera, zerbait jakin nahi badut, galdetu egingo diet haiek behatu beharrean", esan du Obamak.

AEBetako herritarren arteko datu-jarioa eskuratzeko kontrol mekanismoak ere zorroztuko dituela iragarri du: hemendik aurrera, estatuko agentziek zerbitzu sekretuetako auzitegi baten baimena beharko dute norbanakoen datuak biltzeko. Auzitegi horretan herritarren ordezkari bat egongo da —ararteko bat—, eta hark helegitea ipini ahalko die espioitza eskaerei. AEBetatik kanpoko herritarren komunikazioari dagokionez, ez du ezer hitzeman.

Oro har, NSAk eta beste agentziek egiten duten lana txalotu du Obamak, eta aurrerantzean ere beste gobernuen asmoei buruzko informazioa lortzeko erabiliko dituela jakinarazi du. Azken batean, hori herrialde guztietako zerbitzu sekretuek egiten dutela azaldu du: "Ez dugu barkamenik eskatuko gureak eraginkorrak direlako bakarrik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.