Erresuma Batuko herritar gehienek ez dakite negar ala barre egin. David Cameron lehen ministroak Europako Batasunaren ituna aldatu eta diziplina fiskala ezartzeko akordioari ezetz esan izanak ustekabean harrapatu ditu guztiak. Ez dakite nola erreakzionatu, ez baitakite EBtik aldentze horrek zer ondorio izango dituen.
Gehienek uste zuten euroa zulotik ateratzeko ahalegina egin izanaren pozarekin itzuliko zela Cameron etxera. Itxaropentsuenek, Londresko City finantzagunearen interesak babesteko zerbait ekarriko zuela besapean —herrialdeko BPGaren %9 sortzen du—. Baina ez bata eta ez bestea. Esku-hutsik eta EBtik inoiz baino gehiago aldentzen duen erretorika batekin bueltatu zen. Aldeko eta kontrako iritziak aireratu ditu horrek, tamaina berean.
Londresen, Cameronek bere jarrera defendatu du: «Nik esan nien akordio hori ezin nuela nire parlamentura eraman ez bazidaten gure finantza sistema babesteko ezer eskaintzen. Baina ez zidaten entzun». Erresuma Batuaren interesen ikuspuntutik, arrazoizko eskaerak egin zituen Cameronek Bruselan, besteren artean, Europako Banku Agintaritzaren egoitzak Londresen jarraitzea, egoitza Londresen duten AEBetako finantza erakundeak babestea eta finantza eragiketak zergapetzeko Tobin tasa herrialde guztiek onartzea, AEBak barne. Zerga horrekin, urtean 57.000 milioi euro bilduko lituzte Europak; horietatik 40.000 milioi, Londresi esker. Soilik interes nazionalari erreparatuta, ordea, ez legoke EBrik; horregatik ukatu zizkioten eskaerak gainontzekoek.
Dena dela, Cameronek ziurtatu du Erresuma Batua ez dela EBtik erabat at geldituko. «Gure harremana aldatu egingo da, horretan ez dago dudarik, baina benetan interesatzen zaizkigun gauzek lehengoan jarraituko dute, hots, merkatu bateratuak, merkataritzak eta inbertsioek».
Koalizioko gobernuan kide dituenak, ordea, ez daude hain ziur. Lehen ministroa kontserbadoreen bandoko —bere alderdiko— euroeszeptikoenen euforiak kutsatuko duen beldur dira liberaldemokratak —europazaleenak—, badirelako Erresuma Batuak EBko kide izaten jarraitu behar ote duen erabakitzeko herri galdeketa eskatzen hasi direnak ere.
Okerreko estrategia
Euroeszeptikoenak alde batera utzita, alderdi guztiak bat datoz Cameronek estrategia politikoan huts egin zuela esatean. Itunari ezetz esateko aliatuak bilatu behar zituela diote, Erresuma Batua ez zedin erabat bakartuta geratu. Hala, hasieran sostengua adierazi ziotenetako zenbaitek gerora kritikatu egin dute, liberaldemokraten buru eta lehen ministrorde Nick Cleggek kasu, «bi abiadurako Europan erabat bakartuta geratzeko arrisku handia dugulako».
Ed Miliband oposizioko buruak askoz gogorrago jardun du. Etekinak lortu aurretik negoziazioak uzteak herrialdearentzat «ondorio izugarriak» izan ditzakeela zioen atzo The Guardian-en, «haren etorkizuna baldintza dezaketen bileretatik kanpo gelditu delako». Financial Times-en irudiko, Cameronen erabakiarekin Erresuma Batuak eragiteko gaitasuna galdu du EBn, «aulki huts batekin ez duelako ezer konponduko».
Aliatuak bilatu ez izana kritikatu diote Cameroni
Euroeszeptikoenen euforiak Erresuma Batuko lehen ministroa kutsatuko duen beldur dira liberaldemokratak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu