Aljeriako Herri Errepublika Demokratikoaren lehen presidentea eta herrialdeko independentziaren ikurra izan zen Ahmed Ben Bella (Maghniyah-Arjel, 1916-2012). Atzo zendu zen, 96 urterekin. Azken egunetan bi aldiz ospitalera eraman dute, eta haren ustezko heriotza iragarri zuten zenbait komunikabidek duela gutxi. Herrialde arabiarren independentzia eta abertzaletasuna babesten lehenetarikoa izan zen Ben Bella. Aljeria herrialde moderno eta sozialistan bihurtzea izan zen haren helburu nagusia. Presidentetza laburra izan zuen, eta hainbat estatu kolpe eta gerra zibila izan ziren haren agintaldiaren ondoren. Tarte horretan espetxealdi luzea jasan zuen Ben Bellak. Aljeriaren independentziaren 50. urteurrenean zendu da bere lehen presidentea.
17 urterekin sartu zen politikaren munduan, eta PPA Aljeriako Herritarren Alderdiko kide egin zen. Zerbitzu militarra amaitu eta berehala bueltatu zen alderdian lan egitera. Ben Bella herritarrei giza laguntzak iritsarazteko gogor egin zuen lan, eta presidentetzarako bozetan gehiengo absolutuarekin saritu zuten. CRUA Batasun eta Ekintza Iraultzailerako Batzordearen bederatzi buruetako bat izan zen. 1950an atxilotu eta espetxeratu egin zuten, posta bulegoan lapurreta egin ondoren. 1952an ihes egin zuen kartzelatik, baina Frantziak berriro espetxeratu zuen. Tarte horretan, harekiko miresmena handitu egin zen Aljerian, eta 1962ko martxoaren 19an askatu zuten, Aljeriako Independentziarekin batera. Urtebete geroago presidente aukeratu zuten, gehiengo zabalarekin. Aljeria herrialde garatuen mailan jartzen saiatu zen, baina Houari Boumedienneren 1965ko estatu kolpeak helburuak zapuztu zizkion. 22 urte eman zituen hainbat espetxetan.•
Hilberria. Ahmed Ben Bella
Aljeriako lehen presidentea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu