Aljeriarren aurka 1961ean egindako sarraskia onartu du Parisek

Poliziak ehun lagun baino gehiago hil zituen Frantziako hiriburuan, Aljeriaren eskubideen aldeko protesta batean

Erredakzioa
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Aljeriaren subiranotasunaren alde 1961eko urriaren 17an Parisen egindako manifestazio batean indarkeria erabili zuela onartu du Frantziako Gobernuak. Aljeriaren independentzia gerra bete-betean, FLN Askapen Nazionalerako Fronteak protesta baketsu bat antolatu zuen Parisen, Aljeriako herritarren erabakitzeko eskubidearen alde. Polizia oldartu egin zitzaien manifestariei, eta istiluak sortu ziren. Garai hartan Parisko Poliziaren buru zen Maurice Paponek adierazi zuen istiluetan hiru lagun hil zirela. FLNren arabera, berriz, 200 lagun baino gehiago hil ziren Poliziak tirokatuta eta Sena ibaian itota. 51 urte geroago, Frantziako Gobernuak 1961eko «sarraski odoltsu» haren erantzule dela onartu du.

Francois Hollande Frantziako presidenteak gertaerari buruzko ohar bat kaleratu du: «Errepublikak onartzen ditu gertaera horiek. Tragediaren 51. urteurrenean, omenaldia egin nahi diet biktimen memoriari». Frantziako hainbat historialarik jasotzen dutenez, Papon polizien buruak orduko Frantziako presidente Charles de Gaulleri gezurra esan zion. Poliziaren txostenek hildakoak ehundik gora zirela bazioten ere, hiru lagun hil zirela adierazi baitzion presidenteari. Paponen esanetan, gainera, euren burua babesteko egin zuten tiro poliziek.

Udazken osoan, indarkeria

Aljeriarentzat eta Frantziarentzat garai istilutsuak ziren haiek. Afrikako herrialdean independentzia gerra martxan zen —1954 hasi, eta 1963an amaitu zen—, eta Aljerian ez ezik, Frantzian ere egin zuten Aljeriako herritarren aurka; batez ere, Parisen. Zenbait adituren arabera, 1961eko udazkenean 300 lagun baino gehiago hil zituen Poliziak.

De Gaullek, ordea, «bigarren mailako gaitzat» zuen kontu hura. 1966an Frantziako presidente ohiak amnistia lege bat onartu zuen, operazio polizialetan eta judizialetan egindako delituen inguruan. Horrek ezinezko egin zuen sarraskien erantzuleak zigortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.