Alkatea ere, zuri

Igandean New York estali zuen elurtearen ondorioz kaosean bizi dira oraindik herritarrak; haserre daude udalak trakets erantzun duelako, eta Michael Bloomberg alkateak onartu du ez dutela behar bezala jokatu.

Brooklynen, igandetik ez dago modurik ohiko bizitza egiteko, beste auzo batzuetan bezala. KOITZ.
Igor Susaeta.
New York
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Une honetan ez da erraza New Yorkeko kaleetan barna oinez ibiltzea. Putzu lohi eta ilunek tokia jan diote espaloiari. Zer esanik ez zebra bideen muturretan. Horiek saihestearren, eta mela-mela ez bukatzeko afanean, alboetara nola edo hala pilatutako elur paretak eskalatzen ditu jendeak. Baina beti egongo da izotz pusketaren bat gupidarik gabe eta azkar zapalduko duen autoren bat, haren zipriztin mardulek oinezkoa zikintzen, New York kaosa delako egunotan. Elurte latz batek hiria astindu zuen joan den igandean, eta herritarrak horren ondorioak pairatzen ari dira oraindik ere. Gehien-gehienak haserre daude udalarekin, uste dutelako ez duela behar bezala erreakzionatu. «Begira nola dauden kaleak. Hau onartezina da». Michael Bloomberg alkateak arrazoia eman die. Denboralea «gutxietsi» zutela-eta udalak emandako erantzuna beste batzuetan baino «askoz ere eskasagoa» izan dela onartu zuen herenegun. «Etsita gaude». Bloomberg bera ere zuri geratu da, hiria bezala.

Egia esan, elurra gogotik bota zuen Eguberri egunaren biharamunean. Atertu gabe. Hiriak inoiz izandako elurterik latzenetan seigarrena izan da, estatistiken arabera. 50 zentimetroraino heldu zen elurraren altuera astelehen goizaldean. Eta itxi ziren eskolak, erabat moteldu denden eta zerbitzuen jarduna, eta desesperatzeraino irauli metroaren maiztasuna. Autobusak, berriz, geldi. 2001eko irailaren 11ko atentatuetatik ezagutu ez den suhiltzaile, polizia eta anbulantzia kopurua handiaren zerbitzua behar izan zen, baina ez ziren beharren mailan egon.

Zazpigarren etorbidetik, esaterako, lasai asko ibil zitekeen oinez errepidetik. «Alkatea da erantzule nagusia. Aurrezteko-edo udaleko langile mordoa kaleratu zituen orain hilabete batzuk», bota du Jesusek. ALCC Ingeles Akademiako bedela da. «42 urte daramatzat hemen, eta hiria sekula ez dut hain zikin ikusi. Manhattanen tira, baina Queensen eta Brooklynen zailtasun mordoa dauzkate».

Egia da. Kale batzuetatik ez da oraindik ere elurra kentzeko makina pasatu —udalak esan du 1.700 dabiltzala kaleeetan lanean—, eta jendeak ahal bezala ateratzen ditu kotxeak elurpetik. Ataria eta haren ingurua garbitzea ere norberaren ardura da. Luz kubatarra Astorian bizi da, Queensen, eta palarekin elurra kentzen aritu da, «jo eta fuego». «Bloombergek zergatik kaleratu zituen langile haiek?». Erantzuna Alex libanoarrak eman dio, Deli baten jabeak: «Auskalo…». Negozioa «moteldu» dio elurteak, baina ez du uste ekaitza «hainbesterainokoa» izan zenik». 1996koa gogorragoa izan zela gogorarazi dio Luzi.

Sam ere Astorian bizi da, eta egunero Manhattanera joaten da lanera, Upper East Sidera. «Jendea gehiegi kexatzen da. Oinez bost milia egin behar ditudala lanera joateko? Egingo ditut». Dario mexikarrak ere «kilometro dezente» egin zituen oinez, astelehenean, baina ez du udala kritikatu nahi: «Haien lana ondo egiten saiatuko zirela uste dut».

Pinaki Bangladeshkoak badaki zer gertatzen den elurteekin: «Salmentek behera egiten dute. Zeharo». Janaridenda txiki bat dauka metroaren 36. etorbideko geltokian. «Normalean hiruzpalau minututik behin saltzen dut zerbait. Astelehenean, atzerapenak zirela eta, ia inor ez zen ibili». Parean du metroaren leihatila. Ia geltoki guztiek bat daukate. 36. etorbideko leihatilako langileak ez du denboraleari buruz hitz egin nahi izan. Ezta Herald Square-koak ere. Poliziak ere, mutu; eta gor.

«Zeren zain daude?»

Juan Ekuadorkoak udalaren garbiketa brigada batentzako lan egiten du Herald Squaren, Macy's denda ezagunen parean. «26 urte daramatzat hemen. Lan hobea egin zitekeela uste dut. Begira, nik eskularru berriak erosi ditut lanerako». Bakarrik dabil jardunean. «Uste dut jendeak ez duela ongi lan egiten», esan du zintzo eta irribarre txikiarekin. Marianne New Yorkekoak bere iritzia eman du, ondotik pasatzen ari zela baliatuz. «Elurteari buruz ari zarete? Lan oso txarra egin du udalak. Inoiz ez da halakorik gertatu. Ikustekoa da nola dagoen ni bizi naizen ingurua, Brooklynen». Han bizi da Khan Bangladeshkoa. Janaria saltzen du kalean. «Hiru seme-alaba dauzkat. Ez dut dirurik egiten. Zeren zain daude kaleak garbitzeko?».

Sawk argi dauka: «Lan hobea egin dezakete, baina beste kontu batzuk dauzkate esku artean, elurtea baino garrantzitsuagoak». Umorez eta hitzei sarkasmo ukitua emanez mintzo da Urban Express banaketa enpresako langilea. «Brooklyn, Bronx eta Queensekin konparatuta, lan ona egin dute Manhattanen». Barre egin du Malcolmek, haren lankideak. «Elurtearekin beldurtu, eta bulegoan geldituko ziren alkatea eta haren lagunak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.