Protestak herrialde arabiarretan. Libia

Amaiera, gero eta gertuago

Erreboltariak Tripolira sartu dira, eta %95 kontrolpean dutela esan dute; Gaddafiren egoitza haren aldeko tropek babestuta dagoInork ez daki Gaddafi non dagoen; haren hiru seme oposizioaren esku daude jada

2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Libiako protestak hasi eta sei hilabetera, badirudi gero eta gertuago dagoela Muammar Gaddafiren erregimenaren gainbehera. Azken egunetan, indarra hartzen joan dira erreboltariak, eta, atzo, Tripolira sartzea lortu zuten, hiriburura. Oposizioaren arabera, hiriaren %95 kontrolpean dute, eta Gaddafiren egoitzaren jabe egitea baino ez zaie falta kontrol osoa eskuratu eta diktadorea garaitzeko. Gaddafiren aldekoek, ordea, tankez inguratu dute haren egoitza, oposizioaren erasoaldiei aurre egiteko. Egoera oraindik oso ezegonkorra da, eta hiriko hainbat auzotan borrokan jarraitzen dute. «Tiro hotsak entzuten dira edozein lekutatik», adierazi du Mustapha Abdeljalil Trantsiziorako Kontseiluko buruak. Tripoliko borroketan, 1.700 lagundik gora hil dira azken orduetan, eta ospitaleak beteta daude.

Oposizioa inoiz baino baikorrago dago; Tripolikoa, diktadorea agintetik botatzeko azken erasoaldia izango delakoan daude. Oraingoz, Plaza Berdean bildu dira denak, eta irrati eta telebista publikoaren eraikinaren jabe egin dira, erreboltariek esan dutenez.

Musa Ibrahim Gobernuko ordezkariaren hitzetan, «dena kontrolpean dago», eta milaka gizon-emakumeri erreboltariei aurre egiteko armak banatu dizkietela baieztatu du. Gaddafik, berriz, ez du amore emateko zantzurik agertu; aitzitik, «amaiera arte» eutsiko diola adierazi du.

Tripoli, ordea, ez da erreboltariek azken orduetan garaitu duten hiri bakarra. Oposizioaren arabera, Gaddafiren tropa guztiak Bregatik atera dira.

Ez dakite Gaddafi non dagoen

Ez dago argi, ordea, Gaddafi non dagoen. NATO haren egoitzaren aurkako erasoaldia prestatzen ari da, bertan gordeta egon daitekeelakoan, erreboltariek setiaturik. Dena den, askoren ustez ihes egin du hiritik, eta ospitalean gordeta egon daitekeela ere zabaldu da. Mahmud Nacua erreboltarien ordezkariaren arabera, ez dute amorerik emango hura “aurkitu, atxilotu eta auzitegi batera eraman arte—.

Diktadorearen hiru seme, berriz, erreboltarien eskutan daude, Trantsiziorako Kontseiluaren arabera; Saif al Islam da horietako bat. Hagako Auzitegiak hura eta Gaddafi bera atxilotzeko agindua eman zuen ekainean, gizateriaren aurkako krimenak egotzita. Trantsiziorako Kontseiluak, ordea, uko egin dio Al Islam Hagara estraditatzeari, eta «bere herrialdean» epaituko dutela adierazi dute. Izan ere, Libia ez dago Al Islam entregatzera beharturik, herrialdean bertan epaitzen badute. Hala, erreboltariekin negoziatzen hasi da auzitegiko presidentea, Gaddafiren semea entrega dezaten, baina ez dute aurrera egiterik lortu.

Mahmudi al Baghdadi Libiako lehen ministroa, berriz, Tunisiako uharte batean dago; Trantsiziorako Kontseiluak hura estraditatzeko agindua emateko asmoa du.

Hauteskundeak

Erregimena oraindik guztiz erori ez bada ere, Trantsiziorako Kontseiluko ordezkari baten arabera,gaur «konponduko da dena, asko jota». «Libiak atzean utzi du aldi ilun bat, eta demokrazia, giza eskubideak eta askatasuna oinarri dituen etapa berri baterantz zuzenduta dago», gaineratu du. Hala, zortzi hilabete baino lehen hauteskundeak ospatzea espero dutela adierazi du: «Behin-behineko gobernua osatuko duen Kongresu Nazionala aukeratzeko lehen hauteskundeak izango dira».

Trantsiziorako Kontseiluko presidenteak ere bukatutzat eman du Gaddafiren erregimenaren agintaldia; zentzuz jokatzeko eta mendekuaren bila ez joateko eskatu die erreboltariei. Hala, erregimena erortzean Libiako agintea hartzen dutenek giza eskubideak eta nazioarteko legeak errespetatuko dituztela agindu du.

NATOk garrantzia izan du

Gero eta gertuago ikus daitekeen erreboltarien garaipena, ordea, ez litzateke posible izango NATOren esku hartzerik gabe; martxoaz geroztik, 7.505 erasoaldi egin ditu erregimenaren aurka. Hala, erregimena guztiz garaitu arte,martxoan hasitako misioarekin jarraituko duela adierazi du NATOk.

Abdel Moneim al Honi erreboltarien ordezkariak eskerrak eman dizkio NATOri, erregimenaren aurkako borrokan lagundu izanagatik; «haien laguntzari esker, murriztu egin da gatazkaren ondorioz hil zitekeen lagunen kopurua». Dena den, argi utzi dute oposizioak garaipena lortzen duenean, ez diotela NATOri Libian gune militarrik jartzen utziko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.