Paradoxikoa izan zen. Berez sistema sozialista zaharrari eusteko ahalegin etsia izan zenak kontrakoa eragin zuen; saio hark porrot egin zuen, baina, ezustean, inperio komunistaren amaiera azkartu ere egin zuen, handik lau hilabetera desegin baitzen SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna. Mikhail Gorvatxovek aitortu berri duenez, «pertsona ezerosoa» bihurtu zen alderdian. 1985ean agintean sartzean abiatu zituen erreformak ez zituzten begi onez ikusten alderdiko guardia zaharrean. Gorvatxov sinetsita zegoen beste estatu eredu bat posible zela. Bi hitzetan laburbil zitekeen haren modernizaziorako bide orria: berrantolaketa ekonomikoa —perestroika— eta gardentasun politikoa —glasnost—. Ildo komunista zorrotzarenarekin lerrokatuta zeuden alderdikideentzat, baina, urrunegi joatea zen hori, 70 urteko hegemonia galtzea ekartzen ahal baitzuen.
Piotr Txaikovskiren Beltxargaren kantua ezarri zuten egun hartan telebistan. Buruzagi komunistaren bat hiltzean ohikoa zen sinfonia hori entzutea, baina egun hartan arrazoia oso bestelakoa zen. Gorbatxov Krimeako (Ukraina) etxean oporretan zela baliatu zuten hainbat alderdikidek haren kontrako estatu kolpea gauzatzeko. 1991ko abuztuaren 19a zen, eta biharamunean sinatzekoa zen ituna bertan behera uztea zen asmoa. Gorvatxovek Batasunaren Ituna sinatu behar zuen hainbat errepublikatako buruzagiekin, tartean Boris Jeltsinekin. Eta dokumentu hark, batasuna bermatzen bazuen ere, hainbat berrikuntza egiteko bidea zabaltzen zuen.
Abuztuko hiru egun
Konspirazioak hiru egun iraun zuen. GKCHP Larrialdiko Egoeretako Batzorde Estatalak «kaosa» saihestuko zuelakoan etxeratze agindua ezarri, alderdiak debekatu eta komunikabideak itxi zituen. Abuztuaren 19ko goizaldean irakurri zuten aurreneko komunikatua buruzagi kolpistek; egun horretan jada hainbat lagun elkartu ziren Moskun. Etxe Zurian (parlamentuan) gertatu ziren protestak. Biharamunean zabalagoa eta heterogeneoagoa zen protestalarien multzoa. Okerrena 20tik 21erako gauean etorri zen. Ordurako armak zituzten erresistentzian ari zirenek, eta hiriburura eraman zituzten militar askok herritarrekin bat egin zuten. Kalinin etorbidean, baina, hiru gazte hil ziren tanke batek maniobra egitean.
Herriaren erresistentzia irmoa izan zen estatu kolpe saioak porrot egitearen arrazoia. Kolpisten akatsetako bat, baina, atxilotu beharreko ekintzaileen artean izen bat jarri ez izana izan zen; Jeltsinena berarena. Errusiako errepublikako presidente zen ordurako gerora buruzagi populista eta karismatikoa izango zena; Jeltsinek uztailaren 12an irabazi zituen hauteskundeak —Errusian egindako aurreneko hauteskunde demokratikoak ziren—.
Jeltsin Gorbatxoven aurrean alternatiba bakarra bihurtu zen hiru egun horietan; izan ere, erresistentziaren ikur bihurtu zen. Parlamentuaren aurrean zeuden tankeen gainera igo, eta desobedientziaren aldeko mezua bidali zuen. «Errusiako herritarrei» kolpisten aurrean amore ez emateko deia egin zien —Gorvatxoven itzulera ere aldarrikatu zuen—.
Bi buruzagien arteko harremana kaltetuta zegoen ordurako; Jeltsinek behin baino gehiagotan aurpegiratu zion motel ari zela erreformen bidean. Gorvatxovek orain onartu du «sekula ere» ez zitzaiola burutik pasatu harekin elkarlanean aritzea: «Beti berdina gertatzen zen, mahaian esertzen ginen eta ados jartzen ginen, erabatekoa zen elkarren arteko ulermena, baina gero nire bizkar, beste elkarrizketa batzuk izaten zituen». Jarrera horri erreparatuz, «politikak eta moralak» batera joan behar dutela uste du Gorbatxovek.
SESBen egoera ez zen samurra garai hartan, ez politikoki, ezta ekonomikoki ere. Pobrezia tasa handia zen, eta oinarrizko elikagaiak eskuratzeko ilara luzeak egin behar izaten zituzten herritarrek. Gerra Hotzeko potentzia zen, baina munduko herrialde zabalena 70 urtez irmotasunez zuzendutako alderdia azkenetan zen; Jeltsinek urte hartako azaroaren 6an utzi zuen legez kanpo PCUS Sobietar Batasuneko Alderdi Komunista. Errusia, Ukraina eta Bielorrusiako buruzagiek abenduaren 8an aldarrikatu zuten inperioaren amaiera, eta, handik hamazazpi egunera, telebista bidez emandako hitzaldian, desegitea onartu zuen Gorvatxovek. Kremlindik abenduaren 25ean kendu zuten igitai eta mailuaren ikurra. Errusiako hiru koloreko bandera handik ordu erdira zintzilikatu zuten. Hamabost estatu sortu ziren egun bakar batean.
Zulo beltzak
Desegiteak hainbat zulo beltz utzi ditu, garai bateko errepublikek oraindik ere konpondu ez dituztenak—Karabakh Garaia, Transnistria, Abkhazia eta Hego Osetia—. Txetxeniako gerrak ere milaka hildako eragin ditu urteotan. Jugoslavian ez bezala, zatiketak ez zuen odola isurtzea eragin; bai, ordea, milioika errefuxiatu eta desplazatu. Milaka familiak banandu behar izan zuten, eta aberastasunean eta miserian bizi zirenen arrakala zabaldu egin zen. Eta desegitearen ondorioak gaur egun oraindik ere nabariak dira. Per capita errenta duela hogei urte baino dezente txikiagoa da egun. 1991n, 23.752 eurotakoa bazen; egun, 6.000 euro ingurukoa da. SESB garaian hasitako populazioaren jaitsiera, berriz, nabarmen areagotu da. Tarte horretan zazpi milioi lagun galdu direla ohartarazi berri du Vladimir Putinek —1989an 147 milioi biztanle zituen SESBek—.
Horrek, baina, ez du ulergarri egiten batasunaren garaia mitifikatzea. «SESBen desegitea XX. mendeko hondamendi geopolitiko handienetako bat izan zen». Artean presidente zela egin zituen adierazpen horiek Putinek. Inkesta baten arabera, herritarren %58k deitoratzen dute desegitea, eta kopuru hori handitzen ari da. Kalean ere sumatu daiteke oroimina agerian uzten duten xehetasunak; Josiv Stalinen izena idatzita dago hiriburuko metroko paretetan pintatu berri dituzten muraletan. Garai hartako propagandaren afixak eta alderdiko siglak, berriz, kamisetetan.
Gorvatxov bera arduratuta azaldu da joera horrekin, eta garai batean hari leporatzen ziotena —erreformetan motelegi joatea— ondorengoei leporatu die. Putinek demokrazia «zikiratu» duela uste du, eta «hauteskunde zintzoak» aldarrikatu ditu.
Amaieraren hasiera
SESB desegitea azkartu zuen estatu kolpe saiotik hogei urtera, oraindik asko dira batasunaren garaiaz oroimina dutenakPutin lehen ministroak demokrazia «zikiratu» duela adierazi du Gorvatxovek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu