Mundua

Amaitu dira Hego Korearen maniobrak Itsaso horian, baina tentsioa maila gorenean dago

Erantzuna oraingoan azaroan izan zena baino "hilgarriagoa" izango zela aurreratu zuen Ipar Koreak, Hego Koreak bien arteko mugan maniobrak egiten bazituen. Egoera "arriskutsua" dela uste du Txinak.

2010eko abenduaren 20a
14:35
Entzun
Ipar eta Hego Korearen arteko tentsioak gora egin du berriro azken orduetan, Hego Koreak Itsaso Horian beste maniobra militar batzuk egin ostean. Ipar Koreak azaroan eraso egin zuen lekutik gertu hasi ditu, Ipar Koreakin duen mugatik gertu. Orduko horretan ere maniobra militar batzuei erantzunez eraso egin zuen Ipar Koreak, eta nazioartea jada hasi zaio Ipar Koreari eskatzen ez dezala modu berean erantzun orain.

Ordu gutxi batzuk iraun dute maniobrek, baina Ipar Korearen erantzunaren beldur, Yeonpyeong uharteko biztanleei bunkerretan sartzeko eskatu die Hego Koreak. Txinak eta Errusiak gogor kritikatu dute Hego Korea, baina AEBek bere babesa eman diote. Izan ere, Ipar Koreak jada iragarri du aurretik probokaziotzat hartuko zituela maniobrak, eta erantzuna oraingoan "hilgarriagoa" izango zela aurreratu du.

Bitartean, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko bileran ez dira ados jarri krisi honetan hartu beharreko neurrien inguruan, beto eskubidea duten bost herrialdeak ez baitira ados jartzen erruduna nor den erabakitzerakoan. Zortzi orduko bilera izan da. Krisi honetan Hego Korearen aliatu dira AEBak eta Japonia. Errusiak eta Txinak, berriz, Ipar Korearen aldeko jarrera dute.

Wang Min Txinak NBEan duen ordezkariak Ipar eta Hego Korearen arteko gerra "tragedia" izango litzatekeela esan du, eta munduaren parte horretan dagoen oreka hautsiko lukeela. Egoera "arriskutsua" dela aitortu du, eta bi herrialdetako agintariak modu berean tratatu behar direla gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.