Welcome to Tijuana: tequila, sexo y marihuana. Halaxe dio Manu Chaoren kantak, eta ez zaio arrazoirik falta. Alkohola merke saltzen duten ehunka taberna daude hirian, prostitutaz betetzen da kalea gauean, eta droga saltzaileak etxean baino lasaiago ibiltzen dira beren merkantzia turistei eskaintzen.
Milaka eta milaka pertsona pasatzen dira egunero Tijuanatik. Pasatzen, bai. Hori da hitz egokia; izan ere, inor gutxi gelditzen da hirian. Tijuanara iristen den ia jende guztiaren helburua AEB Ameriketako Estatu Batuetara ailegatzea da. Tijuana eta San Diego bereizten dituen muga zeharkatzea. Mexikon dituzten gabeziak atzean utzi, eta AEBek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzea. Ez da lan erraza, eta gutxiago egun hauetan. Gabonak bertan dira, eta normalean baino mexikar gehiago dira egunotan muga zeharkatu nahi dutenak -senideak bisitatzeko, tartean-. Ilara luzeak itxaron, polizien jokaera harroputza jasan, makina bat paper eta txosten bete... Hori guztia eta gehiago egin behar da zorte pixka batekin muga zeharkatzeko.
Eguneko lehen argi izpiekin batera, jendea San Isidroko mugara gerturatzen da. Gabonetan ohikoa da bizpahiru kilometroko ilarak izatea, baina jendea ohituta dago. «Ez al duzu jateko ezer ekarri? Janariarekin eta edariarekin etortzea komeni da. Ordu asko pasatuko dituzu hemen», galdetu dio kazetariari andre mexikar batek ilarara iritsi bezain pronto. AEBetako Poliziak mugan duen egoitzara iritsi denerako hiru ordu pasatu dira. Gizon edadetu baten iritzian, «zorte handia» da hain azkar iristea. Aurreko hilabetean, bost ordu behar izan zituen gizonak bertaraino iristeko.
Muga pasatzeko komeriak, alabaina, ez dira hor bukatzen, polizien egoitzan bisa lortu behar da, eta bisa ez diote edozeini ematen. Mexikar askok ez dute inoiz bisarik lortu, milaka traba jartzen diete. Horiek horrela, askok bestelako bideak erabiltzen dituzte muga pasatzeko. Kontrol guneetatik kanpo zeharkatzen dute muga, legez kanpo, eta AEBetan gelditzen dira, legez kanpoko egoeran. Milioika mexikar bizi dira egoera horretan.
BISARAKO TRAMITEAK. AEBetako dozenaka bandera daude bisak tramitatzen dituzten egoitzan, George Bush presidentearen bizpahiru argazki, kamera pila bat eta segurtasun neurri itzelak. Bisa lortzeko egin beharreko lehen urratsa test bat betetzea da. Hamabost eta hogei galdera artean erantzun behar dira. Bai edo ez, ez dago beste erantzun posiblerik, eta, galderen nondik norakoa ikusita, zaila da baten batek baietz erantzutea. Gisa honetako galderak dira: droga menpekotasunik edo gaixotasun kutsagarririk ba al duzu? Saiatu al zara inoiz muga legez kanpo zeharkatzen? Parte hartu ahal duzu inoiz terrorismo ekintzaren batean?
Galdera horiek baino zailagoa da, ordea, polizien itaunketa. Detaile txikienari erreparatzen diote. Kazetariaren bigarren abizena Lopetegi da, eta horrela idatzi du bisako paperetan. Pasaportean, baina, Lopetegui azaltzen da. «Ez duzu berdin idatzi», dio garrasika poliziak. Ondoren, beste datuei begiratu die, eta kazetaria euskalduna dela konturatu da. «Euskaldunak, denak zarete berdinak. Madrilgo gaztelanian idatzi behar duzue», gaineratu du. Azkenean -tramite guztiengatik 6 dolar ordaindu eta gero-, muga zeharkatzea lortu du kazetariak. Beste ehunka mexikarrek lortu dute beren helburua, baina askoz gehiago dira lortu ez dutenak.
San Diegok ez du Tijuanaren batere antzik. San Isidrotik hiri erdialderaino doan trena oso erosoa da. Troley deitzen diote, eta hogeiminutuan zaude San Diego erdialdean, Dowtownen. Manhattan txiki bat da: etxe erraldoiak, etorbide zabalak, taxi horiak, eta kalean jenderik ez! Mexikon eguneko ia 24 orduetan aurki daiteke jendea kalean. San Diegoko Dowtown inguruan, ordea, zaila da gaueko 9etatik aurrera beste gizaki bat topatzea. Ez pentsa, ordea, jende guztia etxean ezkutatzen denik. Fifth Avenue da San Diegoko kaleko giroaren bihotza. Ehunka jatetxe daude (italiarrak, frantziarrak, espainiarrak, mexikarrak...), klase eta estilo guztietako dantzalekuak, egunez eta gauez irekitzen duten arropa dendak... Gaueko ordu txikiak gozatu nahi dituenari ez zaio aukerarik falta.
Coronado auzoa askoz lasaiagoa da. San Diegoko badiaren erdialdean dago, eta hondartzak ditu inguruan. Hollywoodeko filmetan hainbestetan ikusi dugun ohiko bizitegi auzoa da. Etxe lorategidunak -ia guztiak bandera amerikarrarekin-, zuhaitzez betetako parke berdeak, jendea bizikleta gainean paseatzen: American way of life, alegia.Diru arazorik ez duen jendea aurki daiteke bertan, eta tartean mexikar asko ere bai.Beren ametsa lortu duten mexikarrak dira. Orain dela urte batzuk muga pasatu eta gaur egun bertako bizimoduak eskaintzen dituen abantailak baliatzen dituztenak. San Diegon pisu eta garrantzi handia dute, eta, oro har, Kaliforniako gizartean -San Diegon, esate baterako, kaleko ia kartel guztiak gaztelaniaz eta ingelesez daude-. Alabaina, aurrerantzean amets hori gauzatzea gero eta zailagoa izango da. AEBetako Gobernuak bi herrialdeen arteko hesia eraikitzeko erabakia hartu du, eta milioika mexikarren ametsa amesgaizto bihur liteke.
MEXIKARRAK AEB-ETAN. Alejandro Gonzalez Iñarritu zuzendari mexikarraren azken filmean -Babel- argi eta garbi ikusten da mexikar asko zer-nolako egoeratan bizi diren Amerikako Estatu Batuetan. Filmeko protagonistetako bat jatorri mexikarrekoa da, baina hamasei urte daramatza lanean AEBetan. Ia konturatu gabe sekulako arazoan sartzen da, eta Poliziak atxilotu egiten du. Legezko paperik ez duenez, kanporatu egiten dute. Iñarrituren azken filmeko adibide horretan bezala, mexikar askok egiten dute lan legez kanpo AEBetan.
Gaur egun, 20 miloi mexikarretik gora bizi dira AEBetan. Urtetik urtera kopurua handitzen ari da. Los Angelesen eta inguruko herrietan bi miloi mexikar bizi dira, Chicagon miloi bat baino gehiago, eta New Yorken ia miloi erdia.
Mexikarrek gero eta garrantzi handiagoa dute herrialdeko egoera ekonomiko, politiko eta sozialean. Etorkinen eskubideen alde lan egiten duten elkarteen arabera, jende multzo handi horren egoera normalizatzea behar-beharrezkoa da. AEBetako ekonomia garatzeko haien eskulana ezinbestekoa delako eta jatorrizko herrialdeko ekonomiaren euskarrietako bat direlako. AEBetan lan egiten duten etorkinek hamar miloi dolar baino gehiago bidaltzen dituzte urtero beren herrialdera. Batez beste, 250 dolar bidaltzen ditu hilero mexikar bakoitzak. Mexikok jasotzen duen dirutza hori herrialdeko hirugarren diru iturri nagusia da -turismoarekin eta petrolioarekin bakarrik irabazten dute diru gehiago-. Zacatecas eta Michoacan eskualdeetan, mexikarrek urtean bidaltzen duten dirutza eskualde horietako aurrekontuak baino handiagoa da.
AEBetako Gobernua bi herrialdeen artean eraikitzen ari den hesiak ondorio larriak izan ditzake ekonomian. Ez soilik Mexikon. AEBetakoan ere bai. Mexikarrek egiten duten eskulana oso garrantzitsua da herrialde honetako ekonomiaren garapenean. Beraz, ondorioekonomiko, sozial eta politikoak izango ditu hesiaren eraikuntzak, eta ez dirudi batere ondorio onak izango direnik.
Amets amerikarra gero eta zailago
AEBen eta Mexikoren arteko mugan eraikitzen ari diren hesiak milaka mexikarren ametsa zapuztu dezake; legezko paperak eskuratzea, ordea, are zailagoa da mexikar askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu