Hilberria. Lucas Dolega

Ametsetik heriotzara

ENEKO BIDEGAIN
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Duela dozena bat urte, Parisko CFPJ kazetaritza eskolan ikasi nuenean, taldeko kutunena zen Lucas Dolega (1978-2011). Ez bakarrik beste guztiok baino hiruzpalau urte gutxiago zituelako eta, horregatik, anaia txikia bezala babesten genuelako, baizik eta lagun atsegina zelako ere bai, alaia, irekia. Gure argazkizaletasunak hurbildu gintuen, baina baita ere, frantses askok ez bezala, Euskal Herriari erakusten zion interesak eta elkartasunak.

Ez zen idaztea haren helburua. Argazkiak ateratzea zuen amets. Gai minberenak eta gogorrenak argazkitan hartzeko gogoa betidanik erakutsi zuen. Afrikako egoerak anitz interesatzen eta kezkatzen zuen, hain segur Marokorekin zuen familia loturari esker. Baina lotura ez zuen Marokorekin bakarrik. Lucas Mebrouk von Zabienskyren ama alemana zen, kazetaria. Aita frantsesa, medikua. Baina ordurako, jadanik, Lucas Dolega dei genezan nahi zuen, eta hala izenpetzen zituen lanak. Azken urteetan hainbat argitalpenetan edo agentzietako argazkietan haren sinadura ikusteak poza eman zidan, ikusten nuelako bere bidea aurkitu zuela, ametsa bete zuela, bere pasioa ofizio bihurtu zuela, tokia aurkitzea zaila den lanbide horretan. Eta amets horrek heriotzara eraman du. Gertakariak pil-pilean zeuden lekuan, han egoten zela: Palestinan, Kongon eta, azkenik, zoritxarrez, Tunisian.

Ostegunean bidali zuten EPA European Pressphoto Agency-ko argazkilaria hara —BERRIAk bitan argitaratu ditu haren irudiak—. Biharamunean, polizia batek negar gaseko pote bat jaurti zion eta begiaren eta lokiaren artean bete-betean jo zuen. Herenegun goizean hil zen. Hainbeste aldiz izaten diren gertakari larrien irudiak munduan zabaltzea zen haren grina eta lana. Kontzientzia sakon eta ideal horrek gidatzen zuten. Eta lanean ari zela(ko) hil dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.