Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararraren aldeko plataformako kide Carmelo Ramirezek gaur arratsean jakinarazi du hura "orduotan" eramango dutela jaioterrira, Aaiunera (Mendebaldeko Sahara), hegazkinean. 32 egun daramatza gose greban Haidarrek Lanzaroteko (Espainia) aireportuan, eta Espainiako armadako hegazkinean joango da.
Bart Arrecifeko (Lanzarote) erietxera eraman dute, minekin, berak eskatuta. Zainketa Intentsiboetako Unitatean sartu dute, eta gero ahotik odola botatzen ere hasi da. Dena dela, gose greban jarraituko duela hitz eman du, Marokok bere jaioterrira itzultzen uzten ez diola-eta protesta gisa. "Haidarrek esan du bere etxera iristean eta seme-alabekin elkartzen denean utziko diola barau egiteari", jakinarazi du haren aldeko plataformak.
Ekintzaile sahararra abokatu Ines Mirandak adierazi du minaren aurkako tratamendu medikua jasoko duela hark erietxean, inola ere ez elikagairik.
Azaroaren 13an, Aaiungo aireportura (Mendebaldeko Sahara) iritsi berritan, Marokoko segurtasun indarrek atxilotu egin zuten Haidar. 24 orduz eduki zuten preso eta, ondoren, Espainiara bidali zuten, bete beharreko dokumentazioan -herritartasunaren atalean- marokoarra dela jartzeari uko egin ziolako. Handik bi egunera -azaroaren 16an- gose grebari ekin zion Lanzaroteko aireportuan (Espainia).
Haidarrek esan izan duenez, Fronte Polisarioa da Marokorekin daukaten gatazka konpontzeko euren bitartekaria.
munDUA
Aminatu Haidar "orduotan" hegazkinean jaioterrira eramango dutela jakinarazi berri dute
Ekintzaile sahararra Lanzaroteko erietxean dago gaurtik, minekin. Marokok jaioterrira itzultzen uzten ez diola-eta, 32 egun daramatza gose greban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu