Amore eman dute. Burundiko Pierre Nkurunziza presidentearen kontra estatu-kolpea ematen saiatu ziren Godefroid Niyombare jenerala eta haren aldeko militarrak gaur goizean errenditu egin dira. Telefonoz iragarri dute errendizioa, eta berehala atxilotu dituzte Ndayirukiye Cyrille jenerala eta Poliziaren bi goi kargu. Godefroid Niyombare jeneral kolpista, geroago atxilotu dute.
Atzo bertan, Pierre Nkurunziza presidenteak —atzerritik, Twitter bidez— eta Primer Niyongabo armadako Estatu Goreneko buruak —Burunditik bertatik— ezbairik gabe adierazi zuten asteazkeneko estatu-kolpe saioak "porrot" egin zuela eta Indar Armatuek herrialdea kontrolpean zutela. Presidentea kargutik kendu zutela jakinarazi zuten militarrek, baina, Bujumbura hiriburua "ia erabat kontrolpean" zutela nabarmendu zuten.
Informazio nahasia zabaldu zen atzo Burunditik, bi aldeetako militarrek egoera kontrolpean zutela baitzioten. Nkurunziza presidenteak jakinarazi zuen hiriburura itzuli zela, kolpearen aurka borrokatzeko. Herrialdera itzuli ezinik egon zen Niyombare jeneralaren indarrek aireportua eta herrialdeko mugak itxi zituztenetik.
Nkurunziza hirugarren aldiz presidente izateko temak gaiztotu zuen Burundiko egoera. Konstituzioak bi agintaldi bakarrik onartu arren, auzitegiek arrazoia eman zioten presidenteari, eta hogeitaka pertsona hil diren protesten ondotik eman zuen estatu kolpea Niyombare jeneralak.