Anaia Musulmanek ordu batzuk lehenago jakinarazi dute Badie ez zegoela atxilotuta, eta alderdiko buruak Mursiren aldeko manifestazioan berretsi du hori, oholtzan agertu denean. Armadari exijitu dio ez dezala "fakzio baten" aldeko jarrera hartu, eta esan du Mursiren alde "arima sakrifikatuko" dutela.
Herenegun Egiptoko zerbitzu sekretuek esan zuten Badie atxilotu zutela Libiara ihes egiten ari zenean.
Mena agentzia ofizialak jakinarazi duenez, Anaia Musulmanek sortutako Askatasuna eta Justizia Alderdiko presidente Mohamed al-Katatni aske utzi dute. Manifestariak hiltzera bultzatu izana egotzita atxilotu zuten, baina Menak dioenez frogak falta direlako askatu dute.
Amorru Egunera deitu dute gaurko Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohiaren jarraitzaileek. Mursi atxikia duten kuartelerantz joan dira milaka lagun manifestazioan, eta haien kontra tiro egin dute militarrek. Hildako kopurua ez dago argi; segurtasun indarrek hiru eta bost artean izan direla esan dute.
Anaia Musulmanen atxiloketekin hasi zen Mursiren osteko Egipto, eta kritikei erantzun die armadak. Ukatu egin du "salbuespen neurriak" hartzen ari dela Anaia Musulmanen kontra: "Jakintzari, benetako abertzaletasunari eta erlijio guztien balioei jarraitzeak eskatzen digu edozein alderdi politikoren aurkako salbuespen neurririk ez hartzea".
Hala ere, zehaztu du protesta baketsurako eta adierazpen askatasunerako eskubideen "gehiegizko erabilerak eragin okerrak" izan ditzakeela, errepideak ixtea kasurako. Hori "bake sozialarentzat eta interes nazionalentzat mehatxua" izan daitekeela eta "segurtasunari eta ekonomiari kalte" egin diezaiokeela uste dute militarrek.
Gainera, "tolerantzia" eskatu die Mursiren aldekoei, eta "mendeku" nahiak baztertzeko.
Herenegun kendu zuen armadak Mursi presidentetzatik, herritarren eskariei erantzuteko 48 orduko ultimatuma eman ondoren. Atzo hartu zuen behin-behineko agintea Adli Mansur Auzitegi Konstituzionaleko buruak.
Presidentetzarako hauteskundeetara deitzeko asmoa azaldu dute militarrek, baina oraingoz ez dute zehaztu noiz egingo dituzten. Mursi atxilotuta dago oraindik, Egiptoko Defentsa Ministerioaren egoitzan.