Beste urrats bat egin dute Egiptoko auzitegiek Anaia Musulmanak klandestinitatera bidaltzeko bidean. "Auzitegiak Anaia Musulmanak, legez kanpoko haren erakundea eta handik eratorritako talde guztiak debekatzen ditu, eta haiek parte hartzen duten ekintza guztiak”, esan du Mohamed al-Sajedek, Larrialdi Gaietarako Abdineko Auzitegiko presidenteak.
Anaia Musulmanen kontrako salaketa Tagamu alderdiak jarri zuen, eta salatzaileen arabera, anaiarteak talde armatu sekretu bat dauka, zeinak gobernuz kanpoko erakundeen 2002ko legea urratzen duen.
Anaia Musulmanek Hosni Mubarak boteretik kendu ondoren Justizia eta Askatasuna alderdia sortu zuten, eta hark irabazi zituen hauteskundeak, Mohamed Mursi bilakatuz presidente. Baina teorian, ez dute harremanik alderdiak eta anaiarteak, eta beraz, momentuz alderdiak legezko izaten jarraituko du. Dena den, militarrek uztailaren 3an kolpea eman zutenetik, Anaia Musulmanen buruzagi gehienak espetxean daude, baita kargu ertainak dituztenak ere, eta alderdia erabat ahulduta dago, kolpeaz gero mila lagun inguru hil dira liskarretan, eta atxiloketek eta jazarpenek jarraitzen dute.
Ikusteko dago auzitegiaren erabakia noraino aplikatuko den, eta, Anaia Musulmanek klandestinitatean zernolako lana egin dezaketen, ohitua baitago horretara. 1928an sortu zen anaiartea, eta 1954an legez kanporatu zuten 2011 arte, Mubarak boteretik bota zuten arte, baina gobernuak egiten ez zuen funtzio soziala bete izan dute, gizartean barneratua zegoen, eta Mubarakek berak haien hainbat praktika onartzen zizkion.