Dena aldatu ezer ez aldatzeko. Horrela laburbildu daitezke Irlandako hauteskundeak. Egia da Fianna Failen porrota historikoa dela: Irlanda hegoaldeko azken 79 urteotatik 61etan agintean izan den alderdiak botoen %15 inguru bildu ditu. Kostatuko zaio zulo horretatik ateratzea, irlandarrek ez baitute erraz ahaztuko orain dauden egoeraren erantzule nagusia nor den .
FFko ministroen lekua Fine Gaelekoek hartuko dute, eta baliteke laborista batzuk ere izateagobernuan. Baina aurpegi berriek ez dute politika asko aldatuko da. Besteak beste, Irlandaren datozen urteotako bizitza politiko eta ekonomikoa finkatuko duen erreskate planaren aginduak bete beharko dituelako gobernu berriak ere. Bi hitzetan, gizarte prestazioen murrizketa, lanpostu publikoen desagertzea, zergen igoera eta erretiroaren atzeratzea. Hori guztia Irlandaren defizit publikoa barne produktu gordinaren %32tik %3ra jaisteko 2014rako.
Lan zaila inon bada, batez ere aurreko gobernuak kosta ahala kosta salbatu nahi izan zituen bankuek Estatuaren zuloa handitzen diotelako. Iaz soilik 50.000 milioiko galera eragin zioten, Irlandako Errepublikaren BPGaren heren bat.
Bide orri hori bere egin dute FGk eta laboristek, ñabardurak ñabardura. Horien artean dago Irlandari Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batasunak eman dioten 67.000 milioi euroko maileguaren truke pagatu behar duen interes tasa %5,8tik jaistea. Lortuko al dute? Litekeena da ezetz. Europako Banku Zentralak ez du halako neurriei buruz ezer entzun nahi, maileguan bernegoziatzea aipatzen den bakoitzean lana pilatzen zaiolako.
Analisia
Aurpegi berriak baizik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu