urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Egun seinalatuak

2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ederrak dira udaberriko sinboloak. Asko dira positiboak, biziberritzea, ernaltzea, loraldia... baina baita horiek muturrera eramatearen arriskuak ere, odola berotu, elurra urtu, aztoramena. Gerrak pizteko sasoiak antigoalean, negua amaitu eta elurrik gabe armada handientzat bideak libre geratzean. Eta uzta berririk gabe, ganbarako azken hondarrak ahitu ahala herriak urduritu eta matxinaden garaia ere bai, Iñigo Aranbarrik behin baino gehiagotan esan eta Apirila eleberrian jaso legez.

Egutegian esangura bereziko datei erreparatzeak asko esan dezake mintzakideaz. Apirileko arraina behin irentsi nuen gaztetxotan, baina hegoaldean ohikoena da ezer ez jakitea Espainiako inozente eguna baino askoz hedatuago dagoen dataz. Berdintsu, maiatzaren 8az edo azaroaren 11z, Ipar Euskal Herritik haratago Europa osoan aski esanguratsuak diren bi data aipatze aldera.

Beste herri askotan legez, gurean egun nazionala eta berpizkundearen ideia lotu ziren, baina egutegian data zehatz bati lotu gabe. Gehitu horri opor egunekin bat egitea datak, eta egun nazionalen abiapuntuetako batek —ospakizuna, nation-building edo naziogintza gisa— kale egiten du gurean. Izan zuen esangurarik frankismoan erresistentziarako egun gisa, baina izan zen haren itzala da gaur, etxean geratzen diren abertzaleen bilgune soil. Ez dugu berehalakoan konponduko, baina edozein erlijiok bezala, herriek ere beharrezko dituzte beren erritu eta ospakizunak. Eta berriak sortzeari ere ez litzaioke beldurrik izan behar, are gehiago kohesioan lagungarri bada.

Katalunian irailean dute Diada, baina apirilaren 23ak badu herrialdeko «beste» egun nazionala izatearen kutsua. Hizkuntzak eta literaturak esangura berezia duten data da, gainera. ANC Kataluniako Biltzar Nazionala sortu zenean 2014ko Diadan jarri zuen independentziarako data. Iaz, «egokitu» egin zuten planteamendua, aurtengo Sant Jordi egunarekin bat egin zezan, erreferenduma azaroaren 9an izango zelakoan. Alderdikeriek higatu dute neurri handi batean gizarte zibilaren ilusioa, horratik. Eta bi data berri izan ditugu 2015 honetan: urte erdi barru kutsu plebiszitarioko hauteskundeak. Eta horietan independentismoa gailenduz gero, urte eta erdi beranduago —hau da, bi urte barru, 2017ko martxo amaieran— Katalunia independentea. Bien artean, bozetatik hamar hilera, konstituzio-proposamena aurkeztea adostu dute CDCk, ERCk, Omnium Culturalek, ANCk eta AMI udalerriek elkarteak.

Badauka, noski, aggiornamento kutsu bat, datak atzeratuz herritarrei ilusioa saltzen ibiltzearen itxura. Baina kanpotik beharrean, barruan begiratu behar da. CUPek harridura eta heldutasuna ekarri dizkio katalan independentismoari, jokabide taktikoen gainetik eskuzabaltasuna eta nazioaren independentzia beste ezeren aurretik jarrita. Urrian, azaroko galdeketaren harira ERC eta CDCk ontzia noraezean utzi zutenean CUP izan zen lemari heldu ziona. Urruneko begirada eta zentzua izan ditu. Hainbestekoa ze, asteon izenpetutako agiriaren ondoren David Fernandez eta enparauengan jarri den arreta. Unio-k zer egingo duen, PSCtik joan zirenek bat egingo ote duten, ICVk zein bide hartuko duen, mahai gainean dauden galderak dira, baina asteongo ekimenak CUPen dauka kotoiaren proba.

Ñabarduraren batekin, baina gainditu ezineko oztoporik ez duela ikusten esan du Quim Arrufat CUPeko diputatuak. Eta Parlamentuan hiru diputatu baino ez dituen herritar batasuneko talde txikia, herritarrak boteretzeaz eta behetik gora antolatzeko proposamen erradikal bezain interesgarriarekin, prozesu independentista baterako berme bihurtu da. Sasoi interesgarriak datoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.