Konrad Adenauer Alemaniako kantzilerrak hauxe esaten zien CDUko alderdikideei Europaz jardutean: Alemaniako banderaren azpian pasatzean behin makurtu behar zutela burua, eta Frantziakoaren azpian pasatzean, berriz, bi aldiz. Hala, Europak Frantziari zor ziona onartu behar zuela esan nahi zuen II. Mundu Gerraren ondoan Bonnen izandako lehen gobernuburuak. Berak eta Charles de Gaullek Europa batzeko hasitako bidean Parisek zuen garrantzia nabarmendu nahi zuen.
Frantzia-Alemania bikoteari Europako lokomotora deitu izan zaio, baina bataren eta bestearen rolak prozesu horretan ez dira berdinak izan. Alemaniaren oinarria indar ekonomikoa izan da; Frantziaren ekarpena, berriz, ideologikoa. Alemaniak ezer gutxi eraman zion Europa batzeko prozesuari, nazismoak eragindako erru kolektiboaren itzala eta lotsa baizik. Parisek, ostera, 1789tik hedatutako ideiak. Ideia horiek, haien prostituzioa eta erabilera chauvinista gorabehera, mundu osoan zabaldu dira eta herritarren eskubide politiko eta zibilen eredua edo abiapuntua izan dira. Halaxe izan da Europako demokrazia burgesen sorreran, Giza Eskubideen Deklarazioan, AEBetako Konstituzioan edo Urriko Iraultzan.Horregatik, Frantziak Europako Konstituzioari emandako ezetzak beste inorenak baino balio sinboliko handiagoa du egun. Frantzia Europa batuaren sortzaile aktiboa izan zelako eta Europa hori Parisen duela bi mende pasata abiatutako prozesuaren zutabeetan oinarritu delako. Frantziaren ezezkoak EBn sartu berri den estatu batenak baino gehiago balio du Poloniak ere ezetz esango balu, esate baterako eta Europa batuaren historian oraindik bide erdia egin ez duen estatu baten baiezkoak baino gehiago, hori Espainiarentzat mingarria izan arren. Frantziarren ezezkoak arrazoi asko ditu baiezkoak beste, seguruena, baina ezin da esan jakinduriarik ezaren ondorioa denik. Ezezkoaren aldekoek kanpaina meditatiko itzelari eta barne zein kanpoko presio eta mehatxuei egin behar izan diete aurre eta hamaika arrazoi (batzuetan zorrotz, beste batzuetan ez hain zuzen) argudiatu dituzte Europako Konstituzioaren aurka, beraien jarrera defendatzeko. Frantziari «harroa, haren historian pozik itxia, autokritikarako gaitasunik gabea, beti prest dagoena guztiari buruz lezioak emateko» deitzea, egunkari espainiar handi batek atzo idatzi zuenez, iraina da herritarren argitasun eta kontzientzia politikoaren kontra. Europa oraindik hirugarren pertsonan ikusten duen konbertsoaren haserrealdia, besterik ez.
Bestalde, Frantziaren ezetza barne politikaren arazoekin nahastea aitzakia merkea da, errealitatea ukatzea. Erreferendum batean barne politikaren osagaiak egon badaude beti, noski, baina ez soilik ezetzaren aldean. Baietzarenean ere bai. Erreferenduma errepikatzen saiatzea ere ez da zuzena, batez ere hori soilik emaitza komeni ez denean egiten bada. Maastrichteko Itunaren aldekoek botoen %51rekin irabazi zuten Frantzian, baina orduan inork ez zuen kopuru hori gutxiegizkotzat jo. Boto emaileen %55ek kontra egin dutenean, ordea, bozketa errepikatu egin beharko litzateke?Igandean Europako Konstituzioari emaniko ezezkoak ez du ezer itxi. Alderantziz. Argi utzi du herritarrek ez dutela elitearen Europa nahi, beste Europa bat posible dela, parametro ekonomiko hutsez haratago. Esperantzaren aldeko ezezkoa izan da, zaplaztekoa han eta hemen gurean ere bai, noski Konstituzioa askatasun sozial eta nazionalen ameskerietan bildua saldu nahi izan dutenen kontra. Herritarrak euren burua hain erraz saltzeko prest ez dauden seinalea izan da. Ezezko boto horrek galdera asko azaleratu ditu, demagogia merkeen kontra. Kontua ez baita Europaren alde egotea edo ez, eredu sozial eta nazional baten alde edo ez egotea baizik. Etekin hutsen inperioa, liberalismo dogmatikoena ezarri behar da Europan, lege nagusi baten bidez? Teorian demokratikoki aukeratutako ordezkari politikoek planifikatu behar dute ekonomia eta eredu sozial hori, herritarren beharren arabera, ala multinazionalen irizpide hotzek? Herritarrek burokraziak kudeatutako merkantzia hutsa izan behar dute EBko 25 estatuetan, non 19 milioi herritar langabeak diren, 30 milioi egoera larrian dauden eta 60 milioi pobre bizi diren? Estaturik gabeko herriek haien etorkizuna erabakitzeko eskubiderik gabe segitu behar dute, soilik nazio estatuak sortu ziren garaian indar korrelazioa eta koiuntura historikoa kontra izan zituztelako? Hori guztia kontuan hartu beharko dute Bruselako politikari profesionalek Europaren batasuna aurrera eramango badute. Ez soilik prozesu horren tempo-a, batasuna abiadura desberdinetan bultzatzeko. Prozesuaren muina ere bai, alderdi eta botere taldeen interes politiko eta ekonomikoetatik urrunago. Europako errealitatea Brusela edo Estrasburgoko eraikinetako kristal uniforme horiek baino desberdinagoa dela konturatu beharko dute. Europa 450 milioi kontsumitzaile potentzial baino zerbait gehiago dela, alegia: 450 milioi lagun, 450 milioi esperantza, kezka eta beldur, hamaika herri, kultura, hizkuntza, historia eta sentsibilitate biltzen dituen mosaiko eder eta inperfektuan bilduak.
ANALISIA. EUROPAKO KONSTITUZIOA
Ezezkoaren esperantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu