Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek kolonoen kokaguneak Gazatik kendu eta handik alde egiteko duela bi urte hartutako erabakia atzo hasi zen ofizialki gauzatzen. 1967ko okupazioaren ondoren bertara joandako kolonoak beren borondatez joateko epea gaur gauerdian bukatuko da. Gero, betebehar latzari ekingo diote soldaduek: estatukide juduak ateratzea begirunez, ahalik eta min eta kalterik txikienak eragiteko. Edo indarrez, beste irtenbiderik ez badago.
Operazio berezi hori modurik egoki eta txukunenean burutuahal izateko, soldaduak hilabeteak prestatzen eman ditu Israelgo Armadak. Prestakuntza psikologikoa izan da gehienbat, ez baitirudi agindua betetzeak ohikoa duten baino jarduera nekagarri eta arriskutsuagoa izango denik. Ez, behintzat, palestinarrei aurre egin, hil eta haien etxeak suntsitzea baino.Prestakuntza psikologiko berezia behar izan omen dute Tsahaleko soldaduekkolonoei Tel Avivek hartutako erabakia betearazteko. Horretan ere pribilegiatuak dira kolonoak. Lur haiek okupatzeko baliabide eta erraztasun guztiak izan zituzten eskura, eta haietaz baliatu ziren. Orain, alde egiteko garaian, juduen arteko elkartasunaren mitologiaz baliatu dira.Azken batean, elkartasun hori betidanik izan dute kolonoek. Lehen, Gazara joan zirenean. Eta orain,1967ko gerraren aurreko Israelgo mugen barrura joatean. Lehen bezala, orain Estatuak baliabideak eskainiko dizkie aurrera egiteko. Noski, erabakiak ondorio latzak izango ditu haientzat. Urte luzeetan egindako lanak eta ahalegin horien fruituak atzean utzi beharko dituzte. Baita haien etxalde ederrak ere, egunotan telebistako irudietan ageri direnak, batzuk igerileku eta guzti. Kolono haietako ez gutxi, gainera, Sharonek berak hasiera batean bultzatutako politikari esker joan ziren Gazara. Orain, lehen ministroaren gogo aldaketak irtenaraziko ditu bertatik. Engainatuak edo erabiliak sentitzeko eskubidea dute. Ondorioz, kontra egiteko deia egin dute. Batzuek era benetan bitxian: Kafar Yam kokaguneko kolonoek nazioarteko zuzenbidea irauli dute, Gazako jatorrizko herritar agertzeko. Hausnarketa harrigarria egin dute. Israeldik independentzia aldarrikatu dute Kafar Yameko ordezkariek. «Indar okupatzaile batek lurraldea uzten duenean, bertako herritarrak dira lurralde horretako agintari subiranoak», adierazi dute. «Bertako herritarrak» ez dira lurraldea okupatu aurretik Gazan bizi zirenak, okupazioari esker bertara joan zirenak baizik. Palestinarrak, arabiarrak, lehenagoko biztanleak ez dira existitu ere egiten. Bitxia benetan.Kolonoak badoaz Gazatik, eta Israelgo Armadako soldadueiprestakuntza psikologiko berezia eman omen zaie. Prestakuntza berdina eskaintzen zaie soldaduei, barne arazorik izan ez dezaten, palestinarrak zapaldu eta haien eskubideak urratzen dituztenean, haien etxeak suntsitzen dituztenean? Gogo jardunak egiten dituzte ume palestinarrak hiltzen dituztenean? Hil aurretik ala hil ondoren?
ANALISIA
Gazako erretiratzea
Gogo jardunak Kafar Yamen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu