Ez da maiz gertatzen norberak egindako akatsak onartzea eta aitortzea, ez pertsona arrunten artean, eta are gutxiago politikarien artean. Eta ez da ohikoa izaten norberak oker egindakoak zuzentzea, ez pertsona soilen artean, eta are gutxiago agintarien artean. Eta akaso bere homologoen artean bakana den ekintza egin duelako deitu du arreta oraingoan aurretik ere beste politikariengandik bereiztu izan den presidentea. Ezen duela astebete indarrean jarritako neurri polemikoa bertan behera uztea erabaki du orain Evo Moralesek. Herriari men eginda egin du atzera, besteen hitzak entzun osteanneurria ez zelako bidezkoa, une honetan ez dagoelako txartelen eta elikagaien prezioa eta espekulazioa handitzea justifikatzen duen ezer. Gasolinazoa bezala ezagun egindako 0748 dekretua horregatik utzi du bertan behera.
Bolivian 27 dolarretan eros daiteke egun petrolio upela, nazioartean salneurria hirukoitza denean —egunean 42.600 upel ekoizten dira—. Urtean 380 milioi dolarreko diru laguntzak ematen ditu exekutiboak horri eusteko, baina azken lau urteotan ekoizpena murriztea ekarri du horrek eta, ondorioz, petrolioaren inportazioa handitzea —aurten 669 milioi dolar gastatu ditu horretan estatuak—. Trukean, baina, petrolioaren kontrabandoa haziz joan da, herrialdeari urteko 150 milioi dolarreko galera bat eraginez.Petrolio upela 59 dolarretan ezartzea erabaki zuen horregatik duela astebete Moralesek; erregaien prezioa %57 eta %82 artean igotzea. Eta horrek albo kalteak izan ditu; izan ere, garraiolariek biderkatu egin dituzte prezioak horrekin elikagaiena ere dezente garestituz. Nazioarteko enpresak erakartzea asmo zuen dekretu «neoliberal» horrek,baina, protesta ugari eragin ditu, eta politikari aimara, babesa galtzen ari zela ohartu delako ere egin du atzera, Herritarrengana gerturatzeko ahalegina eginez, protestak areagotuko ziren beldur.
Bitxia da, ordea, nola oharkabean pasa den urrian onartutako beste dekretu bat —0676 dekretua—. Horri esker bi bider zabalagoak izango dira aurrerantzean petrolioa ustiatu ahal izateko eremuak; parke nazionaletan eta indigenen lurretan dauden milaka hektarea egongo dira tartean, babestuta dauden lurrak barne. Repsol, Petrobras, Total, Shell, British Petroleum eta bestelako multinazionalak inpunitate osoz arituko dira bertan, protestak pizten badira atzera egingo ez duten enpresak, protestak piztu ez badira ere. Amnesia moduko bat islatzen baitu poltsikoei beharrean, ingurumenari eragiten dion axolagabetasun honek, ohartu gabe ekintza horrek ere luzaroan ez dela poltsiko batzuk aberasteko baino mesedegarria izango, kolonialismo berriaren isla diren transnazionalen poltsikoetarako.
Sergio Almarazek duela mende erdi bat iragarri zuen petrolioak aliantzak eta zatiketak eragingo zituela, eta hidrokarburoen inguruko politika nazionalek eramango zutela herrialdea ongizatera edo hondamendira. Boliviako intelektual honen arabera «dena zikintzen duen likido ilun eta likina» da petrolioa «batez ere kontzientziak zikintzen dituena». Eta horretaz ere ohartu beharko dira herritarrak eta agintariak, herrialdearen norabidea zuzentzeko, politikarien artean bakana den ekintza soil batetik haratago joateko, etorkizuna iluna eta likina izan ez dadin, horretarako baldin bada ere.
Leku-lekutan
Iluna eta likina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu