Izan lasto buztinezko etxe batean, urrezko txorrotak dituen jauregian, eskola bateko arbelaren alboan edo ziega ziztrin batean, haren irudia duen potreta egongo da zintzilik paretan; izan txilabarekin otoi egiten, areto eder batean tea hartzen, itsasbazterreanur eskia egiten, edo, soinean alpaka artilezko jantzia duela, auto gorri baten barruan. Jainkoari aitortzen dioten leku guztietan egoteko dohain hori bera ei du Mohamed VI.ak Marokon; erregea nonahi baitago presente. Baita Wikileaksen ere. Munduko agintari gehienena bezala, haren irudia ere ez dute leku onean paratu kableek. Higiezinen merkatua erabat kontrolpean duela eta nazioarteko enpresek proiektuak gara dezaten ehuneko bat eman behar diotela ondoriozta daiteke agiriak irakurrita.
Inoizko filtraziorik handienak orain arte azaleratu dituen beste hainbat mezuetan bezala, honakoan ere agiriek ez dute ekarpen handia egin. Munduko zazpigarren errege aberatsena dela aintzat hartuta -1.886 milioi euroko dirutza du-, ez da harritzekoa monarkak ustelkeria eta eroskeria baliatzea bere ondasunak babesteko eta zeroak biderkatzeko. Marrakex, Fez, Meknes, Casablanca eta Rabaten dituen jauregi inperialez gain, egoitza dotoreak ditu Erratxidian, Agadirren, Ifranen, Buznikan, Tangerren, Nadorren, Skhiraten, Khenifran eta Ujdan. Forbes aldizkariaren arabera, egunean 757.200 euro behar ditu erregeak etxe horiek guztiak txukun izateko. Sektore estrategiko guztietan hanka sartua duelakopilatzen ahal ditu luxuzko autoak (600), arte lanak eta harribitxiak. Iaz, 8.712 milioi euroko irabaziak ematen zizkioten negozioek; barne produktu gordinaren %6.
Abdelaziz Buteflika eta Mohamed VI.aren arteko ezinikusiaren berri ere ematen dute dokumentuek, eta hori ere lau haizetara zebilen gauza zen. Akaso, areriotasun horrek bi herrialdeen arteko mila kilometroko muga itxita egotea eragin duen auzia nola baldintzatu dezake da kableen ekarpen bakanetako bat. Marokoren autonomia plan «hutsala» sahararrentzat «zaborra» baino ez da uste badu ere, sahararrek gerrari ekitea erabakiko balute, lurralde liberatuetan borrokatu beharko luketela adierazi omen zion diplomazialari bati Buteflikak. Behin gerra hasita ez luketela errefuxiatu gunetara itzultzeko aukerarik izango. Mendebaldeko Sahara ez dela casus belli izango Aljeriarentzat. Fronte Polisarioak ez duela gerrara herrestan eramango. Eta hori erregeari ez ziola eskua luzatuko esan bazuen ere.
Leku-lekutan
Nonahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu