Presidente izan arte ez daki batek erabakien arduraz;erantzukizunik ez dagoenean aldarrikapenak egitea errazagoa da. Hori kontuan hartu beharko litzateke, Zapateroren ustez, hainbat erabaki ulertzeko; besteak beste, zentralen bizitza 40 urtetik gora luzatzeko duela hilabete —tartean EAJren botoekin— hitzartu zuten zuzenketa. Presidente ez zeneko ikuskera antinuklearra oposiziora igaro arte zokoratzea ulertu beharko liokete boto-emaile hipotetikoek, baita atzo esandakoak ere.
Boto ekologista ez galtzeko ezer ez egiteko erabakia nola azaldu duen? Horrela: ezin da gai sakonez eztabaidatu dramaren erdian. «Soseguz» hitz egin behar da —ez orain—, eta erabakiak hartu behar badira —zentralak ixteko epeak berraztertzeko edo eskakizunak zorrozteko betiere—, «egingo da». Noiz? Ez du esan. 2013an, igual, Garoña ixteko urtea PPk atzera botatzea erabakitzen duenean, oposiziotik.
Baina «asaldatu gabe», eta momentuak merezi duelako, gardentasunaren izenean txostenak eskatuko ditu. Presidentearen hitza eman du zentralek segurtasun kontrol zorrotz eta eraginkorrak dituztela, eta jakinda ere Japonian gertatutako lurrikaren antzekoei eusteko mekanismoak dituztela, lurrikaretan bizirik irauteko segurtasunaz ikerketa egiteko eskatuko du. Ez da txantxa, presidentearen kargutik esan du eta.
Arduretan, Garoñako arduradunek izan dutena ezin aipatu gabe utzi, gaur zentralaren 40. urtebetetze ospakizunak «elkartasunagatik» atzeratu dituzte eta.
Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida. Analisia
Presidentearen hitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu